GAZTETXEAK

Aske utzi dituzte Arrotxapean atxiloturiko sei gazteak

Desordena publikoak eta lesioak eragitea, eta poliziei eraso egitea egotzita ikertuko dituzte. Gaztetxeko kideek salatu dute poliziek 50 lagun inguru zauritu zituztela atzo; horietako bat ospitalean artatu behar izan zuten. Manifestaziora deitu dute hilaren 11rako.

Uxue Rey Gorraiz - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2021eko irailaren 3a
11:37
Entzun

Aske dira jada atzo Arrotxapeko gaztetxea defendatzen ari zirela atxilotu zituzten sei gazte manifestariak. Iruñeko guardiako epaileak hala erabakita, behin-behinean utzi dituzte aske, eta ez diete kautelazko neurririk ezarri. Kausa judiziala irekita dute, ordea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, desordena publikoak eta lesioak eragitea, eta poliziei eraso egitea leporatuta ikertuko dituzte.

Gaztetxeko kideek agerraldia egin dute gaur atzo gaztetxea hustu izana eta Poliziaren indarkeria salatzeko, eta protestarako deialdi bat iragarri dute: hilaren 11n manifestazioa eginen dute auzoan. Arrotxapeko Maiteminduen parketik abiatuko dute mobilizazioa, 18:00etan.

Agerraldian salatu dutenez, atxiloturiko sei gazteak ez ezik, 150 lagun baino gehiago identifikatu zituen atzo Espainiako Poliziak. Gaztetxekoek gogor salatu dute polizien bortizkeria: beren esanetan, agenteek 50 lagun baino gehiago zauritu zituzten atzo, eta, are, horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten, artatzeko. Gazteen atzoko protestek helburu argi bat zutela adierazi dute: «espazioa defendatzea». Izan ere, gazteek aldarrikatu dute espazioak ezinbesteko dituztela antolatzeko, eta ildo hori jarraituta zehaztu dute manifestaziorako leloa: Antolatzerik ez, espaziorik gabe.

Arrotxapeko gaztetxeak gaur beteko zituen bost urte okupaturik. 2016ko irailaren 3an hartu zuten eraikina, gune autogestionatua sortzeko. Eraikina hutsik dago orain, eta dagoeneko hasiak dira hura eraisteko lanetan. Etxebizitzak eraikiko dituzte bertan. Horiek horrela, Arrotxapeko gaztetxeko kideek salatu dute espazioen erabilerarako legezko irizpidea «poltsikoen tamainak» ezartzen duela gaur egun.

«Gehiegikeria» izan da

Era berean, Espainiako Poliziak atzo izandako jokabidea kritikatu du Iruñeko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Joseba Asironek. Adierazi du poliziaren jarduteko modua «oso zalantzazkoa» izan zela, baita «gehiegizkoa» ere. Harago ere jo du Asironek: «Auzi honen atzean beste gai bat dago: gazteei ematen zaien aukera falta, alegia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.