Albistea entzun

Igor Gonzalez Solaren heriotzaren urteurrenean

 

Julen Orbea- Etxebarrieta Memoria Elkartea -

2021eko irailak 4 14:10

Urtebete. Irailaren 4an, 365 egun Igor Gonzalez Sola Donostiako Martuteneko espetxeko ziega batean hilda agertu zela. Berriz min hau. Espainiar ankerkeriaren biktima bat gehiago, espetxe politika basati baten bitartez eraila. Nola ez zaitugu ba oroituko? Nola ez dugu ba zure heriotza salatuko?

2004ko udazkenean Bilboko auzo gehienak kolpatu zituen sarekada gogor bat burutu zuen Guardia Zibilak, tortura basatiak tarteko. Igorrek alde egitea lortu zuen, baina 2005eko martxoan Polizia Espainolak burututako operazio batean, Donostiako Antigua auzoko pisu batean atxilotu zuten beste bi lagunekin batera. Bortizki torturatua izan zen. Tortura haien ondorioz brote psikologiko latza izan zuen, besteak beste.

15 urtez espetxearen eta bere testuinguru osoaren gogortasunari, diagnostikatutako gaixotasun mentala gehitu zitzaion. 2009an bere burua zauritu zuen, baina Espainiar Estatuak espetxetik kaleratzeko aldarriari muzin egin zion; mendekuaren praktika basatia. Gerora ere saiatu zen bere burua hiltzen, eta hala ere estatuak oraindik ere giltzapean mantendu zuen.

Aita izan zen espetxean zela eta bere semearen ongizatea izan zen bere iparra harrezkero. Umea eta berarekin harremantzeko grina ziren kartzelaldiaren gogortasuna arintzeko xedea. Semea ikusi gabe hilabeteak zeramatzan eta horrek sortarazi zion mina deskriba ezina da.

Igor 2020ko irailaren 4an hilda agertu zen bere ziegan. Ordurako kalean behar zuen jada. Espetxe politika kriminalak erail zuela ez dugu inoiz ahaztuko. Estatuak Igorren askatasunerako eskubideari uko egin eta egoera tamalgarri horretara bultzatu zuen. Hiru hilabete geratzen zitzaizkion espetxetik 3.graduan ateratzen hasteko.

Preso bat bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu behar izan du herri honek zoritxarrez hamarkada luzeetan. Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte.

Igorrek beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu zuen, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei.

Halaber, osasun mentala tabu bezala bizi dugun garaiotan, elkar zaintzari erreparatu eta presoen bizitzan familia, lagun eta ingurune afektibo gertuko bat izateak duen garrantziaz hausnarketa bat egiteko baliatu beharko genuke.

Igorrek, eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske egongo litzateke, bizirik, bere auzoan, gure artean.

Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea.

Hemendik aste batzuetara espetxe eskumenen transferentzia jasoko du Eusko Jaurlaritzak eta presorik gabeko herri batean amesten dugunok aukera ezin hobea dugu antolatu eta kalera irteteko! Espetxea, espetxea da Puerton zein Basaurin eta ez dugu onartuko euskal instituzioek espetxe sistema honekin jarraitzea. Krudelkeria honekin bukatu behar da hemen eta orain!

Guretzako ezinbestekoa da Igor gogoratzea. Eta ezinbestean gaur ere, espetxe politika kriminal honen ondorioz hildako 20 euskal presoak edo sakabanaketak eraildako 16 senide eta lagunak ezin ditugu ahaztu! Familia hauen minek errespetu osoa merezi dute eta Igor espetxean hildako azkena izan dadila exijitu behar diegu instituzioei. Denak kalean, etxean izan arte borrokan jarraitzeko garrasi egiteko unea da! Denon artean bultzatzeko unea iritsi da, etxeratzeko garaia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna