EITB

ETBk kalea plato bihurtu nahi du aurten

ETB1ek Zurekin bat lehiaketa estreinatuko du hilaren 20an; Ainhoa Etxebarria izango da aurkezlea. Xabier Madariagak Abiapuntua aurkeztuko du, gazteen errealitateak erakusteko asmoz. Leire Palaciosek Munduko plazan saioa gidatuko du datorren ostegunetik aurrera.

ETBk programazioberria aurkeztu du, Gasteizen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2021eko irailaren 3a
14:49
Entzun

Gasteizko FesTVal jaialdiaren barne, denboraldi berria aurkeztu du gaur goizean ETBk. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak honela esan du: "ETB gizartearen isla izatea nahi dugu; modernoa, solidarioa, aurrerakoia eta lehiakorra izatea, eta euskal gizarteari bide horretan aurrera egiten laguntzea". Eta zera gaineratu du: "Mundura irekita dagoen telebista bat nahi dugu, euskararen erabilera sustatuko duena, edukietan aniztasun soziala islatuko duena, eta kalitatezko informazioa eta entretenimendua eskainiko duena, euskal gizartean sustraituz".

Publiko gaztea eta familiarra erakartzea eta berrikuntza bultzatzea dira ETBren helburuetako batzuk, zuzendariak nabarmendu duenez. Testuinguru horretan kokatzen dira ETB1ek estreinatuko dituen berrikuntza batzuk. Alde batetik, astelehenetik ostegunera Ainhoa Etxebarriak Zurekin bat lehiaketa aurkeztuko du hilaren 20tik aurrera: lau kideko bi taldek euren ametsa betetzeko borrokatuko dira, galdera-erantzunen formatuarekin. Bestetik, Xabier Madariaga kazetariak Abiapuntua saio berria gidatuko du urritik aurrera: aurreiritzien aurrean herritarrek begiak zabaltzea nahiko luke saioak. Astero, gazte talde batek errealitate desberdinak biziko ditu esperimentu sozial batean parte hartuz; horretarako, atal bakoitzean gai bat jorratuko dute: gaitasun intelektual murriztua, zahartzaroa, arrazakeria eta ingurumena, esaterako.

ETB1eko programazioko beste berrikuntza bat Piztu telebista saioa izango da. Urrian hasita, Googlebox izeneko nazioarteko formatua egokituko dute euskaraz; familia eta bizikide ezberdinek telebista nola ikusten duten erakutsiko dute programan. Astero, zortzi etxetan sartuko dira, eta bakoitzak telebista nola ikusten duen erakutsiko dute. Guztiek tarte bera ikusiko dute, eta egiten dituzten iruzkinak, erreakzioak eta eztabaidak bilduko ditu Piztu telebista-k.

Hilaren 9an, Munduko plazan estreinatuko du ETB1ek. Leire Palacios kazetaria (BERRIAko telebista kritikaria izan zen zenbai urtez) munduko sei hiritan ibili da: Mexiko hirian, Varsovian, Lisboan, Istanbulen, Atenasen eta Zurichen (Suitza). Hiria eta bertoko eguneroko bizimodua ezagutaraziko du Ane Rotaetxek zuzendutako programa berriak.

Lehen denboraldiaren arrakastaren ostean, Baserria saioa eskaintza bikoitzarekin itzuliko da ETB1eko programaziora, hilaren 19an. Igande gauetan reality-aren atal bat eskainiko da, eta astearteetan eztabaida izango dute zuzenean, igandean gertatutakoa aztertzeko. Asteazkenean egin zuten bigarren denboraldiaren aurkezpena, Gasteizen

Herri Txiki, Infernu Handi saioak berritasun garrantzitsu bat izango du denboraldi honetan: Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkezten duten saioak igandetik asteazkenera aldatuko du emanaldiaren eguna, eta Euskal Herriko eta bertako geografian barrena ibiliko da herritarren istorio berezienekin. Hilaren 15ean hasiko dute denboraldia.

Baina, berrikuntzez gain, Biba Zuek! eguneroko magazinak programazioaren puntu garrantzitsua izango da aurrerantzean ere. 450 testigantza eta 200 elkarrizketa baino gehiagorekin, Biba Zuek! saioak tarte bat egin du ETB1eko programazioan. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia joan den denboraldian irekitako bideari jarraitzeko prest itzuliko dira: kulturari, kirolari, baserri munduari eta euskal gizartearen beste errealitate batzuei buruzko leihoa izatea. Aurretik, Ahoz Aho magazinean, Ilaski Serranok Euskal Herriko sortzaile, dibulgatzaile eta analista nabarmenenak izango ditu egunero.

Bikia Norvegiako telesaila ETB1en

Astelehenean, irailaren 6an, Kristofer Hivyu aktorea protagonista duen Bikia (Twin, 2019) telesail norvegiarra estreinatuko du ETB1ek. Telesaila bizitza erabat ezberdinak dituzten bi anaia bikiri buruzkoa da. Eztabaida gogor batean, bietako bat istripuz hilko da, eta besteak haren nortasuna ordezkatuko du.

Udazkenean itzuliko dira ETB1eko programaziora Artefaktua literatura saioa, Yolanda Mendiolarekin, eta Hitzetik hortzera saioa, Eider Perezek aurkeztuta. ETB1ek eta ETB2k EITB Kultura (sorkuntzaren munduari eskainitako tartea) eta Teknopolis (zientzia eta teknologiari buruzko saioa) izango ditu berriro programazioan. Ez Da Posible! saioak ETBko artxiboan arakatzen jarraituko du, egunero 15 minutuko pilula batekin eta astero ordubeteko bilduma batekin. Iaz programazioan eskaini zituzten sukaldaritza saioek ere jarraituko dute: Joseba Argiñano Sukalerrian eta Txoriene.

ETBk, gainera, bere hondar alea jarri nahi du gaur egungo gizarteari gehien axola zaizkion arrazoi sozialen aurrean, telebista ekitaldi bereziekin. Hala, ETB1ek #Martyhilda thrillerra (Txekiar Errepublikan ekoitzia da) estreinatuko du azaroan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Segurtasun sailekin elkarlanean. Drama horren gai nagusia jazarpen zibernetikoa eta haren ondorioak dira, eta benetako gertaeretan inspiratuta dago. Ekinaldi horren bidez, telesailean garatzen diren gaiak landu nahi dtuzte Euskal Herriko ikasgeletan.

ETB2n, Anne Igartiburu eta Angels Barcelo

Hilaren 13tik aurrera, ETB2 katean Ane Ibarzabalek eta Aitor Albizuak Nos Echamos a la Calle saio berria aurkeztuko dute. Gonbidatuak, Euskal Herriko txokoak, adituak, entretenimendua eta umorea izango ditu osagai. Lehen orduan, Euskal Herriko hainbat leku ezagutaraziko ditu saioak. Ondoren, saioaren ikus-entzuleek jarriko die ahotsa albisteei. Azken zatia El punto verde izango da, klima aldaketari eta haren ondorioei buruzkoa, baita naturarekin zerikusia duen guztiari buruzkoa ere.

Duelo en las Alturas saio berria hilaren 15ean iritsiko da ETB2ra, Anne Igartiburu aurkezlearen eskutik, Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia bat proposatuko du. Upeltegiak, hotelak, gazteluak, eraikin erlijiosoak, plazak... azalduko dira programan. Duelo en las Alturas saioak horietako hiru monumentu ezagutaraziko ditu atal bakoitzean, eta inoiz ez bezala erakutsiko ditu, haien edertasunean eta berezitasunetan murgilduz.

Azaroan Falsos mitos saioa estreinatuko du gaztelaniazko kateak, Iñaki Andradas kazetarien eskutik. Elikaduraren, nutrizioaren eta ariketa fisikoaren inguruko zalantzak argitzen saiatuko dira. Urrian, Juego de Cartas itzuliko da bosgarren denboraldiarekin. Ibilbide berri honetan Javi Sierrak Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herri bisitatuko ditu.

Esto No Es normal lehiaketaren denboraldi berria nobedade eta aurpegi berri batekin dator: Nerea Aliasek aurkeztuko du aurrerantzean. Igor Siguerorekin batera.

Larrialdi klimatikoari eskainitako programazio bereziaren eta Glasgowko klimari buruzko hitzaldiari egingo zaion jarraipenaren barruan, azaroan, ETB2n eta eitb.eus-en, Angels Barcelo kazetari kataluniarrak aurkeztutako El Cambio saio sorta estreinatuko dute. Bertan, klima aldaketari helduko diote, eta hamarkada batzuk barru Euskal Autonomia Erkidegoa nolakoa izan litekeen ikusiko dute ikus-entzuleek. Izan ere, klima aldaketak eguneroko bizitzaren alor guztietan eragin dezake: ekonomian, teknologian, bizitza-luzeeran, osasunean, elikaduran eta baliabideetan.

3 Ene Kantak eta marrazki bizidun berriak, ETB3n

Lagun berriak izango dituzte ETB3ko 3 Ene Kantak saioaren denboraldi berrian: Argi pertsonaia eta Antxus maskota batuko zaizkie aurten. Horrez gain, ETB3ko eskaintzaren barruan, hainbat marrazki bizidun estreinatuko dituzte datozen hilabeteetan. Besteak beste, Spirit, Danger Mouse, % 100 Otso – Ilargi-harriaren kondaira marrazkiak, eta Pan Tau fikziozko telesaila. Saioko eduki guztiak 3 klubaren webgunean, aplikazioan eta HbbTVan izango dira eskuragai, telebistan eskaini bezain laster.

Albistegietan aldaketa gutxi

EITBko albistegiek astelehenean hasiko dute denboraldia. Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako zuzendariak zera iragarri du: "Irratietako eta telebistako albistegiak kalean izango dira, inoiz baino gehiago. Hala, Euskadi Irratiaren, Radio Euskadiren eta Radio Vitoriaren programazio berrian herritarrak izango dira protagonista. Eta konpromiso horri denboran eutsiko diogu, gure albistegi eta magazin nagusiak estudioetatik ateratzeaz gain, telebistako platoak ere aterako ditugulako"

ETBko albistegien taldean, ETB1eko Egun on Euskadi saioan Nerea Reparaz arituko da, Iban Garaterekin batera. Asteburuetako Teleberri-n, Xabier Garcia Ramsden eta Estibaliz Ruiz de Azua Radio Euskadira joan ostean, Xabier Ormazabalek aurkeztuko ditu aurten ETB2ko asteburuko albistegiak.

Euskadi irratiak eskaintza berezia egingo du datozen egunetan: datorren astean, Iñaki Guridik gidatutako Faktoria saioko lantaldea Zaballako espetxean (Araba) sartuko da azken aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoari Madriletik espetxeen transferentzia egin baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.