Amaiur Argiñena

«Gu guztiok lotzen gaituen hari bat dago: feminismoa»

Iragan abuztuan izan dira Nafarroako Neska* Gazteak sareko lehenbiziko topaketak, Atarrabian. Elkarren arteko harremanak sendotzen ez ezik, asmoak zein diren zehazten ere lagundu dute. 

Amaiur Argiñena Moreno. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 5a
08:56
Entzun

Feminismoak hartu zuen Atarrabiako Udaletxe plaza, joan den abuztuaren 14an; borrokarako gogoak guztiz blaitua. Nafarroako Neska* Gazteak sareak topaketak antolatu zituen bertan, eta dozenaka lagun bildu ziren, goiz eta arratsalde. Askotariko jarduerak egin zituzten, eta, besteak beste, grinez zehaztu zituzten datorren ikasturterako erronkak. Sareko kide da Amaiur Argiñena Moreno (Iruñea, 2003). Egun hartan bizitakoek utzitako ajea igarota, argi dituzte egin beharreko urratsak.

Atarrabian izan zenuten sarearen lehenbiziko topaketa. Ordea, hilabeteetako prestaketa izan duzue aurretik. Noiz ekin zenioten bideari?

Abiapuntu bat jartzearren, aipagarriak dira 2016an Euskal Herrian egindako gazte mugimenduaren topaketak. Orduko horretan, dagoeneko izan ziren bereziki feminismoa lantzeko gune batzuk. Ordea, neska izatea eta gazte izatea uztartuko zituen subjektu politikoa ez zegoen jorraturik. Zerbait piztu zen, halere, eta, handik aurrera, beste hainbestetan ere hasi zen gaia lantzen; 2017ko eta 2018ko udaleku feministetan, esate baterako. 2019an Durangon (Bizkaia) elkartu ginen, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan. Orduan bai, orduan gogoz heldu genion feminismoa neska gazteen ikuspegi propiotik lantzeari, eta taldeak osatuz joan dira. Orain, Nafarroako sareari eman diogu forma.

Zergatik da garrantzitsua neska gazteak subjektu politiko gisan ulertzea?

Aldi berean neska eta gazte izanda, asko dira sufritzen ditugun eta neska helduek pairatzen ez dituzten zapalkuntzak. Besteek ez dituzten arazo berezi batzuk ditugu, eta beharrezkoa da horiei erreparatzea eta problema horiei erantzuteko formulak bilatzea.

Zer zapalkuntza gehigarri pairatzen dituzue, adibidez?

Oro har, gutxietsi egiten gaituzte, eta gure ahotsak ez dira helduenak bezain ozen aditzen. Gure beharrei eta aldarrikapenei ez diete besteei bezainbesteko arretarik eskaintzen. Gauza askotan sumatzen da, baita etxean bertan ere. Adibidez, problema hori aski argi gelditzen da gurasoek esaten dizkiguten gauzak aztertzean. Behin baino gehiagotan aditu behar izan ditugu: «Zu joaterako, ni hogei bat aldiz joan eta itzuli naiz bertatik». Horrelako esaldiak nahiko ohikoak dira.

Zer onura ekarriko dio sareak Nafarroari?

Nire ustez, sare honek zera eragingo du: neska gazte guztiak talde handi baten parte sentitzea. Babesa emango diogu elkarri, elkarren arteko zaintza bermatuko da. Azken finean, topaketetan esan genuen moduan, badago guztiok lotzen gaituen hari bat: feminismoa.

Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea sortua zen jadanik. Zergatik behar da Nafarroan zentratutako bat?

Euskal Herriaren barruan egonik ere, uste dugu Nafarroak berezko dituela beste lurralde batzuek ez dituzten ezaugarri batzuk. Adibidez, esango nuke euskal nazioaren zapalkuntza askoz nabariagoa dela hemen, batik bat Nafarroaren hegoaldean. Herri batzuetako taldeak Euskal Herriko markotik kanpo gelditzen dira, eta Nafarroan zentratutako sare bat edukita errazagoa izan daiteke horiek erakartzea.

Nafarroako Neska* Gazteak osatu aurretik, distantzia handiak ziren lurraldeko herrietako taldeen edo nesken artean?

Arazo hori betidanik gelditu da agerian, aspaldi, baina ez zen oso argi nola erantzun zitekeen taldeak elkarren artean hurbiltzeko premia horri. Horrelako dinamikek nabarmen laguntzen dute.

Zehazki, zertan da aberasgarri taldeen arteko harremana indartzea?

Lagungarri da beste testuinguruetako egoeraz jabetzeko, hau da, nork bereari soilik begiratzea saihesteko. Jakitun gara kokaleku geografikoaren arabera baldintzak oso desberdinak direla eta horrek izugarri eragiten duela arlo politikoan, sozialean eta ekonomikoan. Gainera, sareari esker, inor ez da kanpo geldituko, eta elkarri lagundu ahalko diogu, zernahi behar dugula ere.

Hainbat jarduera antolatu zenituzten Atarrabiako topaketetan, hala nola intersekzionalitatea lantzeko tailerra. Zer ondorioztatu zenuten?

Zapalkuntzez eta pribilegioez hausnartzea zen asmoa. Besteak beste, erreparatu genion etniari, jatorriari, hizkuntzari, sexu joerari… Sareak balio beharko du askotariko arrazoiengatik sufritzen ditugun egoerei erantzuteko.

Hasi berri den ikasturteari begira, zein da asmoa?

Urtero moduan, Martxoaren 8ari eta Azaroaren 25ari gogoz begiratuko diegu. Are gehiago, topaketetan dagoeneko izan genituen hizpide horiek, eta hainbat proposamen jaso genituen. Baina ez hori bakarrik, urrian beste hitzordu inportante bat dugu: Euskal Herriko neska gazteen Baterajotzea dugu urrian, Elizondon. Formakuntza mordoa izango da, eta aisialdia ere bai, noski.

Zure ustez, zein da Nafarroako Neska* Gazteen indargune nagusia?

Azken urtean egindako bidean argi ikusi dugu, adibidez, elkarrekin lanean ari diren militanteak baino gehiago, lagunak ere bagarela. Konfiantza handia dugu zerbait behar izanez gero gainerakoei laguntza eskatzeko eta laguntzeko. Oso harreman politak sortu dira, eta, hain zuzen, hori da jarraitu beharreko bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.