Kontxako Bandera

Kontxan ere, buruz buru

Donostia Arraun Lagunak-ek 1,64 segundo atera dio Oriori, eta estropada eremuko marka hautsi du. Banderarako lehia zabalik dago oraindik. Donostiarrak eta Hondarribiak osatuko dute datorren igandeko ohorezko txanda. 

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, leher eginda, gaur, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel O. Iribar - Paulo Ostolaza
2021eko irailaren 5a
10:31
Entzun

Ez da ezustekorik izan Kontxako Banderaren lehen jardunaldian: Arraun Lagunak eta Orio, udako indartsuenak, txanda ezberdinetan joan dira gaur, baina azken asteetan izan duten buruz burukoari eutsi diote. Lehen luzean hobea izan da Orio, baina itzulerako luzean aurrea hartu diote etxekoek, eta 1.64 segundoren aldearekin ekingo diote datorren igandeko lehiari. Banderarako lehiak zabalik jarraitzen du. Ahor arraunzaleek nahi zuten berdintasuna.

Itsasoari dagokionez, iragarpenak bete egin dira, eta olatuak hutsaren hurrengoak izan dira; haizeak, berriz, hego-ekialdetik ahul jotzen zuen, baina, goizak aurrera egin ahala, zertxobait harrotu da. Lehen txandan nagusitasunez gailendu da Orio. Hirugarren kaletik joan da Xanti Zabaletaren taldea, eta lehen minututik estropada burua hartu dute, nahiz eta Donostiarrak hasieran ondo eutsi dion.

Palakadak paladaka, ordea, oriotarrek arraunketa egonkortu ahala, tartea zabaldu dute, eta ziabogara heltzerako ontzi baten aldea atera die etxekoei. 5.03ko denbora egin du Nadeth Agirreren kuadrillak. Hirugarren postuan Tolosaldea heldu da, eta bost segundo eta bederatzira Deustu. Maniobraren ostean, Oriok hanka egin du hirugarren kaletik.

Agirrek estropada eremu osoa zuen beretzat, eta, Zabaleta prestatzailearen aginduz, laugarren kalerako norabidea hartu du, aldika-aldika sortzen ziren olatu koxkorrek etekina ateratzeko. Baita asmatu ere. Orio badian bizi-bizi sartu da, eta 10.33,26ko denbora egin du. Azkarra, benetan, Zumaiak zuen estropada eremuko marka hautsi baitu. Bigarren heldu da Donostiarra, sei segundora; hamabira Tolosaldea, eta laugarren Deustu, 21era.

Lagunak, are eta hobeto

Oriok egindako denbora ondo baino hobeto gorde dute buruan Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariek. Bigarren txandan aritu dira, Oriok arraun egin duen hirugarren kaletik. Lehen kalean Hondarribia aritu da; bigarrenean, Chapela, eta laugarrenean, Hibaika. Estropadako lehen hogei segundoak igaro direnerako, Arraunek estropada burua hartua zuen, eta brankaz bikain joan dira Juan Mari Etxaberenak.

Dena den, ziabogan Orio baino bi segundo motelago egin dute donostiarrek. Atzean, berriz, bazegoen nahiko saltsa; Hondarribia bigarren postuan heldu da ziabogara, baina Hibaika segundo bakarrera zuen. Chapelak, bestalde, hamabi segundora egin du ziaboga.

Andrea Astudillo Arrauneko patroiak, Orioko Agirrek bezalaxe, nahi zuen kalera joateko aukera zuen; laugarrenera eraman du Lugañene ontziari abiadura emateko xedez. Hain zuzen, Orio baino azkarrago ibili da badian, aurrea hartzeraino. Une batez, GPSak Arraun Orio baino bi segundo azkarrago zihoala adierazi du, baina amaieran, bi segundo ez, 1,64ko segundo besterik ez dizkio atera San Nikolas ontziari.

Bestalde, Arraunek Oriok aurretik ezarritako estropada eremuko marka hautsi du. Azken txandako bigarrena Hondarribia izan da, hamahiru segundora; haren ondoren, Hibaika helmugaratu da hamazazpira. Chapelak itxi du txanda, 27ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.