Zergak

Europako banku handiak paradisu fiskalez baliatzen dira oraindik ere

Urtero 20.000 milioi euro izaten dituzte zerga erregimen bereziki mesedegarriak dituzten 17 herrialdetan.

EU Tax Observatoryk ikertutako 17 herrialdeen artean dago Panama. BIENVENIDO VELASCO / EFE
Irune Lasa.
2021eko irailaren 6a
12:11
Entzun

Berdin die eskandalu gero eta gehiago ateratzea argitara; Europako banku handienek berean jarraitzen dute, zerga paradisuez baliatzen, etekin ahalik eta handienak ateratzeko. EU Tax Observatory ikerketa erakundearen arabera, jokaera horrek ez du aldaketa esanguratsurik izan 2014. urtetik 2020ra bitartean, eta Europako 36 banku handik urtero 20.000 milioi euro erregistratzen dituzte zerga txikiko herrialdeetan; hots, euren mozkinen %14.

Gabriel Zucman ekonomistak zuzendutako ikerketak HSBC, Deutsche Bank, eta Societe General ikertu ditu. Zucmanen arabera, beste bankuak paradisu fiskal askotaz baliatzen dira, baina HSBCrena kasu berezia da, soilik Hong Kongeko zerga paradisua erabiltzen baitu, nahiz eta egoitza Londresen (Erresuma Batua) izan. Eta beste inork baino gehiago erabiltzen du, gainera. HSBCk, 2018-2020 tartean, bere zerga aurreko mozkinen %62 zituen paradisu fiskal horretan.

Zer irabazten dute bankuek haien mozkinen zati bat paradisu fiskaletan jartzen? EU Tax Observatoryk ariketa interesgarria egin du bankuetako langileen produktibitateari begiratuz. Deigarria da: zerga paradisuetan langileko batez besteko produktibitatea 238.000 eurokoa da, eta herrialde normaletan, 65.000 eurokoa da.

Zerrendan bigarrena Monte dei Paschi Italiako bankua da, zeinak etekinen %49,8 zituen zerga paradisuetan. Monte dei Paschi 2017. urtean erreskatatu zuen Italiako Gobernuak, eta entitatea aurten desagertuko da: berriz ere bankua erreskatatu beharrean, gobernuak hobetsi du hura Unicreditek erostea, estatuak diruz lagundutako operazio batean. Zenbait azterketaren arabera, 2008. urteaz geroztik, Europako zergadunen 1,5 bilioi euro joan dira larri zebiltzan bankuak erreskatatzera.

Standard Chartered, Deutsche Bank eta NordLB dira hurrengoak zerga paradisuak gehien erabiltzen dituztenen zerrenda horretan. Eta, besteak beste, mozkinak erregistratzen dituzte Bahametan, Birjina Uharte Britainiarretan, Kaiman uharteetan, Jerseyn, Guerneseyn, Gibraltarren, Hong Kongen, Macaon, Panaman, eta Europako Batasuneko kide diren Maltan eta Luxenburgon.

2014tik 2020ra bitartean bankuetako batzuek txikitu egin dute zerga paradisuetan erregistratzen zuten mozkinen pisua, baina izan dira handitu egin dutenak, tartean, egoitza Bilbon duen BBVA. 2014-2016 tartean, zerga aurreko mozkinen %0,9 zituen paradisu fiskaletan erregistratuta. 2018-2020 tartean, zerga aurreko etekinen %1,9 zituen horrela.

Eta gauzak horrela, zerga txikiko jurisdikzioak baliatzen dituzten konpainiei %15eko gutxieneko sozietate zerga global bat ezartzeko akordioa oraindik nori ezarri oraindik zehazteko eta arautzeko dago. Baina, itxura guztien arabera, eta, besteak beste, lobbygintzari esker, bankuak kanpo geldituko dira G20an hartutako erabaki horretatik.

EU Tax Observatoryren kalkuluen arabera, paradisu fiskaletako tasen beharrean bankuek gutxieneko %25eko tasa efektibo bat ordaindu beharko balute, urtero 10.000-13.000 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Europako ogasunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.