Klima larrialdia

Klima krisiari aurre egiteko berehalako neurriak eskatu dituzte 220 zientzia agerkarik

Klima larrialdiari aurre egiteko neurriek ezin dute itxaron pandemiarengatik, ohartarazi dute gaur batera argitaratutako editorial batean.

Berrikin New Jerseyn (AEB) izandako uholdeen irudi bat. MAXAR TECHNLOGIES HANDOUT / EFE
2021eko irailaren 6a
16:58
Entzun

Zientzia eta mediku aldizkariek bat egin dute gaur klima larrialdiaren aurka. Batera argitaratutako editorial batean, nazioarteko agintariei dei egin diete klima krisiari aurre egiteko neurriak har ditzaten. Irailaren 21ean izango den Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian eta Glasgowko COP-26an euren mezuak oihartzuna izango duelako itxaropenez ekin diote agerkariek. Hain zuzen ere, eta, mundua COVID-19aren pandemiari aurre egiteko borrokan dela aitortu arren, ohartarazi dute osasun publikoarentzako «mehatxu nagusia» dela Parisko Hitzarmena ez betetzea. 2015ean 197 herrialdek sinatu zuten akordio horrek munduko berotzea 1,5 gradutik beherakoa izatea erdietsi nahi du.

Editorialaren arabera, aurrerapen batzuk egin dira berotegi gasak murriztuz joateko, baina ez dira nahikoak izan. «Klima eta ingurumen krisiari aurre egiteko ekinbidea ezin da egon zain pandemiarengatik», jakinarazi du Erresuma Batuko Klima Aldaketarako Osasun Aliantzak (UKHACC) ohar baten bidez. Aliantza horrek koordinatu du editoriala egiteko eta argitaratzeko prozesua.

OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek adierazi duenez, klima larrialdiak dakarren arriskuak «txiki» utz dezake edozein gaixotasunek dakarrena. «COVID-19aren pandemia bukatu egingo da, baina ez dago txertorik klima aldaketari aurre egiteko. IPCCko (Klima Aldaketari aurre egiteko Gobernuarteko Aditu Taldea) adituen txostenak frogatzen du tenperaturaren igoera txikienak ere gure osasuna eta etorkizunak arriskuan jartzen dituela. Halaber, isurketak mugatzen eta berotzea gutxitzen duen edozein neurrik etorkizun seguru eta osasuntsuago batera hurbiltzen gaitu», adierazi du.

Editorialak nabarmendu du elkarlan globala posible izango dela bakarrik herrialderik aberatsenek ahalegin gehiago egiten badituzte, euren kontsumoa gutxitu, eta munduko gainerako herrialdeei lagundu. Horrekin batera, herrialde pobretuei 100.000 milioi dolarreko laguntza emateko konpromisoa gogorarazi diete. Parisko Hitzarmenak eskatu arren, oraindik bete gabe baitago diru ekarpen hori.

British Medical Journal-eko editore nagusi Fiona Godleek azaldu du 2021 izan behar dela munduak norabidea zuzenduko duen urtea. «Larrialdi hau aukera handi bat da mundu osoko herritarren ongizatea bermatzeko ere», azaldu du The Lancet aldizkariko editore nagusi Richard Hontonek. «Osasun komunitateak gehiago egin behar du bere ahots kritikoa goratu eta buruzagi politikoei daukaten ardura oroitarazteko», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.