Mexiko

Abortua legeztatzeko beste pauso bat eman du Mexikok

Giza bizitza «sortzearekin» hasten dela arautzen duen Sinaloako legediaren aurka ebatzi du Gorenak. Emakumeen eskubideen aurkakotzat jo du.

Dozenaka emakume, abortua legeztatu izana ospatzen, Hidalgo estatuan. DAVID MARTíNEZ PELCASTRE / EFE
2021eko irailaren 10a
13:32
Entzun

Abortuaren aurkako zigorrak eteteko beste pauso bat eman du Mexikoko Auzitegi Gorenak. Auzitegiko 11 magistratuek aho batez ebatzi dute herrialdeko konstituzioaren aurkakoa dela estatuetako legediek «giza bizitza sortzearekin» hasten dela arautzea. Zehazki, Sinaloako Konstituzioko artikulu baten aurka ebatzi dute, eta harengan izango du eragin zuzena. Halere, jurisprudentzia ezarriko du ideia bera adierazten duten lege erreforma guztien aurkako helegiteentzat.

Sinaloako legediaren arabera, «estatuak bizitzeko eskubidea zaintzen du norbanako bat sortzen den unetik». Horrek, ordea, «ordena konstituzionala eta Estatu laiko, plural eta demokratiko baten balioak lardaskatzen ditu», Alfredo Gutierrez Ortiz epailaren arabera: «Emakumeei eta haurdun dauden pertsonei gehiegizko karga bat inposatzen die».

CNDH Giza Eskubideen aldeko Batzorde Nazionalak eta Sinaloako hainbat diputatuk jarritako helegiteari emaniko erantzuna da ebazpena, baina, estatu hartako legediari soilik ez, beste hainbat eremutakoei ere eragingo die. «Estatuek ez dute eskumenik pertsona kontzeptua eraldatzeko», azaldu du Goreneko epaile Norma Piñak. Haren esanetan, halako neurriek «Mexikoko justizia sisteman giza eskubideen jabetzaren inguruko aitorpenean» eragitea dute helburu, herrialdeko konstituzioaren aurkako litzatekeena.

Izan ere, Mexikoko hogei estatuk dute ezarria euren araudietan giza bizitza «sortzearekin» hasten dela. Horrek, teorian, ez du abortatzea debekatzen, baina «ziurgabetasun» egoera batean uzten ditu erabakia hartzen dutenak, gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera: «Giza bizitzaren babesaren hasiera definitzeko aitzakiarekin, beste pertsona batzuen giza eskubideei mugak inposatzen dizkio; kasu honetan, emakumeei, euren gorputzaren inguruan erabakitzerako orduan».

Gorenaren erabakia asteartean ebatzitakoaren bidetik doa. Orduan, auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen abortatzeagatik zigortzea, Coahuila estatuko lege baten artikuluak ezabatzea erabaki zuenean. Neurriak abortatzen duten emakumeak eta interbentzio horietan parte hartzen duten osasun langileak espetxeratzea galarazten du.

Mexikon abortuaren inguruko legediak estatuen esku daude, eta, egun, 32 estatuetatik lautan besterik ez dago baimendua: Mexiko Hiria, Oaxaca, Hidalgo eta Veracruz. Zerrendara Coahuila batuko da laster, astearteko ebazpenaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.