Kataluniako Diada

«Hemen gaude, itzuli gara», independentisten oihua Kataluniatik

Pandemia garaian Europan egindako manifestaziorik jendetsuena izan da antolatzaileen arabera. Erbesteratutako politikari katalanak izan dituzte gogoan.

Jordi Cuixart, eguerdian, Omnium Culturalen ekinaldian. TONI ALBIR
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 11
14:40
Entzun

Irailaren 11, Kataluniako Diadaren eguna. Eta berezia izaten ari da aurtengoa. Batetik, pandemiak baldintzatu du hainbat ekimenen antolaketa. Bestetik, preso egondako agintari katalanentzat, azken hiru Diadetatik gaurkoa da kaletik bizitzen ari diren lehenengoa. ANCk antolatutako manifestazioa egin dute, «Independentzia» oihuen artean. Herrialde Katalanetako hamaika lekutatik ere bat egin dute deialdiarekin, eta denak ordu berean hasi dira: 17:14ean, zehazki. Izan ere, Espainiako Ondorengotza Gerran Felipe VI.-aren tropak Bartzelona setiatu zuten 1714.urtean, eta data horri egin nahi izan diote erreferentzia. Bartzelonan egin dute manifestazio nagusia, Urquinaona plazatik. «Itzuli gara, hemen gaude, independentzia lortzeko», aldarrikatu dute.

Pandemia garaian Europan izandako manifestaziorik jendetsuena izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bartzelonako Frantziako geltokian amaitu da manifestazioa, parlamentuaren atarian. Jordi Gaseni Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartea presidentea honela mintzatu da: «Merezi genuen gaurkoa bezalako arratsalde bat. Gehiengo handi baten zilegitasuna daukagu Kataluniako Errepublika egiteko. Oldarraldi demokratiko baterako prestatu behar dugu».

Jordi Cuixartek ere parte hartu du amaierako hitzaldian. Gogoan izan ditu erbesteratutako politikari katalanak: Carles Puigdemont, Marta Rovira, eta Anna Gabriel, besteak beste. «Inoiz ez diogu uko egingo, ez aske izateari, ezta zoriontsu izateari ere. Ez dugu egingo, ez dakigulako hori egiten», zin egin du.

Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak Kataluniako prozesu independentista sostengatzen duten nazioarteko delegazioak eskertu ditu: Euskal Herrikoak, Korsikakoak, Galiziakoak, Kurdistangoak eta Kabiliakoak, besteak beste. Independentziaren alde lanean segitzea ezinbestekotzat jo du, eta Generalitateari ere bota dio abisua: «Ez egon etorriko ez diren eskaintzen zain».

Une berean, ezker independentistak bere martxa egin du, Urquinaona plazatik.

Batasun mezua

Herri mobilizazioa berrartu nahi du independentismoak gaurko Diadan, baina, horrekin batera, azkenaldiko ezin ulertuak alboratzea du erronka nagusia independentismoak. Bada, Omnium Cultural erakundeak eguerdian egin duen ekitaldian lortu du batasun mezua gailentzea. Ikusmina piztu du Jordi Cuixart erakundeko presidentearen hitzartzeak, espetxetik atera osteko lehenengo Diada baita aurtengoa berarentzat.

Errepresaliatuei eskaini dizkie lehen hitzak Cuixartek, eta amnistia eskatu du. Independentismoak «autoestima eta harrotasuna» berreskuratu behar dituela nabarmendu du, gogora ekarriz azken urteetan izandako lorpenak: «Ez dezagun ahaztu pauso erraldoiak eman ditugula azken hamarkadan. Estatua inoiz imajinatuko ez zukeen lekura eraman dugu». Hori guztia ezerezean gera ez dadin eta egindakoa «inork izorratu ez dezan»; mobilizazioetara batzeko eskatu die herritarrei, eta «desberdintasunen» gainetik «kohesioa» eta "herriaren batasuna" lehenesteko. «Errepresioak gu zatitu nahi gaitu; frustrazioa eragin nahi digu, gure eskubideen aldeko borroka utz dezagun».

Espainiaren gabezia demokratikoak salatu ditu Cuixartek, eta gogora ekarri du ezikusiarena egin diela konstanteki giza eskubideen aldeko erakundeen ohartarazpenei, eta gatazkari konponbide demokratiko bat emateko eskariei. «Konturatu gara autodeterminazioa praktikara eraman beharko dugula herrialde demokratiko batean bizi nahi badugu».

Eguneko deialdiak

Urtero bezala, Rafael Casanova politikari historikoari omenaldia eginez hasi dute eguna Bartzelonan. Generalitateak egin dio lore eskaintza, haren omentzeko monumentuaren aitzinean.

Ondoren, Arran Jovent gazte antolakundeak Gustau Muñoz militantea omendu du; Espainiako polizia indarrek hil zuten 1978ko Diadan. Ezker independentistarentzat «eredu» dela erran dute, «borroka sozialaren eta nazionalaren arteko loturaren ikur» delako. Era berean, Guillem Agullo duela 27 urte faxistek hildako gazte independentista katalana ere oroitu dute. Gazteen «konpromisoa eta borroka» goratu dituzte Agulloren gurasoek omenaldian. «Ez dugu prozesuan atzerapausorik onartuko. Independentzia edo sumisioa», aldarrikatu dute Arran Joventeko gazteek. Lore eskaintza egin diote Agullori ere, eta, ondotik Els Segadors erreserkia kantatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.