SAIOA ITXI

Hasiera / Bizigiro

Historia

Aurreskua dantzatu zieten Santurtziko arraunlari irabazleei duela ehun urte

'Dantzan.eus' guneak gogora ekarri du orduko harrera, garaiko film baten bitartez, bide batez frogatzeko emakumezkoak ere plazan aritzen zirela, dantzen protagonista.

1921ko aurreskuaren une bat, Santurtzin. Dantzan.eus

Edu Lartzanguren

2021eko irailak 13

Atzo Kontxako bandera eraman zuten Santurtziko gizonezko arraunlariek (Bizkaia), eta harrera ekitaldia egin zieten herrian, ohi den bezala. 1921. urtean ere garaipena ospatu zuten, Abrako bandera orduan. Dantzan.eus gunean gaur gogoratu dutenez, emakumeek aurreskua dantzatzen hartu zituzten arraunlariak herrian, eta horren dokumentu bat dago, ekitaldia filmatu egin baitzuten.

1921eko irailaren 11n Bilboko itsasadarrean jokatu zituzten estropadak. Zazpi traineru lehiatu ziren, eta Santurtziko arraunlariek irabazi zuten. Emilio Xabier Dueñas folklorista eta etnografoak 2016ko artikulu batean gogoratu zuenez, ikusmin handia sortu zuen txapelketa hark, eta 40.000 eta 50.000 ikusle inguruk jarraitu zuten lehorretik.

Orio zen orduan faboritoa, eta santurtziarrek irabazita, ospakizun handia egin zuten herrian, hiru egunez.

Ekitaldietako batean, emakumeek aurreskua dantzatu zieten arraunlariei, eta, Santurtziko alkateak eskatuta, AEBetako ekoiztetxe batek grabatu zuen unea, eta filma editatu gero. Horren kredituetan agertzen dira dantzarien izenak: Juana Agirre izan zen aurreskularia eta Maria Fernandez atzeskularia. Sokan aritu ziren Elena Goiarzu, Maria Pagazaurtundua, Maria Ibarra, eta, haiekin batera, Torrontegiko, Monasterioko eta Garcia Hormaetxeko neskak.

Filmari soinua falta zaio, noski, zinema mutuaren garaia zelako oraindik.

Dantzan.eus-eko ikertzaileentzat filmak aparteko garrantzia dauka, frogatu egiten duelako emakumeek aurreskuak eta soka-dantzak egin izan dituztela, nahiz eta hainbatek zabaldu bakarrik gizonezkoek dantzatzen zituztela halakoak, eta emakumeak omenaldiaren subjektu pasiboak baino ez zirela.

Ehun urte geroago, berriz hartu zituzten atzo Sotera traineruko arraunlariak Santurtzin, beste garaipen bat ospatzeko; Kontxako bandera oraingoan. Txapligu eta bengalak ikusi ahal ziren atzo, eta bandera asko, besteak beste Donostian irabazitakoa. Morez jantzi zen herriko plaza, aurreskurik egon ez bazen ere.

Antzeko irudiak ikusi ziren Donostian, bertako Arraun Lagunak-ek irabazi baitzuen emakumezkoen bandera. Udaletxeko balkoitik astindu zuten arraunlariek. Aurreskuaren protagonista izan ziren emakumeak Santurtzin duela ehun urte, eta gero ezkutatu nahi izan zituzten plazatik. Orain, berriz protagonista, dantzan ez bada ere, arraunak eskuetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan BERRIAlaguna