Garraioa

Hegoaldeko aireportuek iazko bidaiarien kopurua bikoiztu dute aurtengo abuztuan

2019ko datuetatik urrun daude oraindik ere: %26 gutxiago abuztuan, eta %66 gutxiago aurten.

Bidaiariak Loiuko aireportuan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 13a
13:07
Entzun

Aireportuetako datuek baieztatu egin dute abuztuan gora egin duela turismoak Hego Euskal Herrian. Aenaren gaurko datuen arabera, aurtengo abuztuan 462.051 bidaiarik erabili dituzte Hegoaldeko lau aireportuak, iazko abuztuan baino 220.517 gehiago. Hau da, %91,3 handitu da bidaiarien kopurua.

Aireportu guztietan egin du gora trafikoak, baina bereziki Noainen (+%224) eta Hondarribian (+%152). Edonola ere, Loiura iristen dira edo handik irteten dira lau lurraldeetako ia hamar bidaiaritatik bederatzi, eta han trafikoa %86 handitu da.

Baina begirada pandemia aurreko datuetara eramanez gero, argi dago oraindik asko falta dela aireportuek koronabirusaren aurreko irudia berreskuratzeko. Izan ere, 2019ko abuztuan ia 625.000 lagun igaro ziren aireportuetatik, aurten baino 162.000 gehiago. Hau da, bidaiarien laurdena falta dela oraindik. Ikusteko dago horiek berreskuratuko ote dituzten, gertuagoko turismoarekiko joerak, negozio bidaien gutxitzeak eta ingurumenarekiko kezkak agian eragin luzea izango dutelako aire trafikoan.

Urteko lehen zortzi hilabeteetan are handiagoa da trafikoaren erorikoa: milioi eta erdi bidaiari izan dituzte aireportuek, 2019ko lehen zortzi hilabeteetan baino %66 gutxiago.

Miarritzeko daturik ez

Miarritzeko aireportuaren web orriak ez du hilabeteko trafikoaren daturik eman pandemia hasi zenetik. Trafiko aldetik, Euskal Herriko aireporturik handienetan bigarrena da, Loiutik oso urrun baina baina Hondarribiaren, Noainen eta Forondaren oso gainetik. Azken horretan salgaien trafikoak du pisu handien. Aurten dagoeneko 47 milioi tona salgai iritsi dira edo atera dira handik, iaz baino %20 gehiago, eta 2019an baino %12 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.