Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Donostia Saria

Cotillard: «Aktore izan nahi nuen gizakia hobeto ulertzeko»

Marion Cotillard zinema frantsesaren aurpegi ezagunak jasoko du gauen aurtengo lehen Donostia saria. Bigger Than Us lana ekoitzi berri du, gazte ekintzaileen inguruko dokumentala.

Marion Cotillard, gaur arratsaldean, prentsaren aurrera azaldu aurretik.
Marion Cotillard, gaur arratsaldean, prentsaren aurrera azaldu aurretik. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko irailak 18

Marion Cotillarden arabera, aktore baten ibilbidea bi gauzatan oinarritzen da: hasierako ilusioei eustean, eta zinemagileek harengan jartzen duten gogoan. «Ateak irekitzen dizkizuten horiek beti izango dira pertsona inportanteak zure lan bizitzan. Nik hastapenen oroitzapen oso onak ditut, baina estu eta larri ere ibiltzen nintzen. Zeren gauzak egitekotan, ondo egin behar dira, eta nik oraindik sentitzen dut presio hori: film bat hasten dudan bakoitzean inoiz ez dakit beteko ote dudan nigandik espero dutena». Donostia saria jasotzera heldu da aurten Zinemaldira Cotillard (Paris, 1975), eta apal azaldu da gaur prentsaren aurrean egindako agerraldian, iluntzeko inaugurazio galan saria eta harekin hogei urteko ibilbideari egindako aitortza jaso baino lehen.

Etxean bertan ezagutu zuen antzezpenaren mundua Cotillardek. Ama aktorea eta aita zuzendaria, umetatik izan zuen sarbidea filmaketatara, eta hala hasi zen bere lehen aktore lanak egiten ere, telebistarako aurrena. Pantaila handirako jauzia Philippe Harelen L’histoire du garçon qui voulait qu’on l’embrasee pelikularekin egin zuen, 1994an, zeina zerrenda luze baten hasiera izan zen: Taxi (Gerard Pires, 1998), Les jolies choses (Gilles Paquiet-Brenner, 2001), Jeux d’enfants (Yann Samuell, 2003), Big Fish (Tim Burton, 2003), Un long dimanche de fiançailles (Jean-Pierre Jeunet, 2004), eta beste.

Hasi zitzaizkion lehen aitortzak heltzen, baina mugarria jarri zuena 2008an eskuratutako Oscarra izan zen —La Vie en Rose filmean Edith Piaf interpretatzeagatik eman zioten—: «Aro berri bat hasi zen hor niretzat: nazioarteko zinemarako ateak ireki zizkidan sariak, miresten ditudan zuzendari iparramerikar askorekin lan egiteko aukerak ugaritu».

Arrakastaz galdetuta, 1940-1950eko hamarkadetako aktoreekin alderatu du egungo egoera, eta aipatu sasoi hartan «izarrak fabrikatu» egiten zirela, egun ez bezala. «Gaur posible da oreka bat egotea bizitza pertsonalaren eta profesionalaren artean, eta horrek, gainera, elikatu egiten du zure lana, pertsonaiak. Nik ez banu bizitza normal samar bat biziko lanetik aparte, ez nukeen desirarik izango gero antzezteko. Zenbat eta desberdinagoa nigandik pertsonaia, gehiago asetzen nau hura interpretatzeak». Zortedun sentitzen dela ere aitortu du, gaur delako eguna non hautatu egin dezakeen zein lani baietz esan eta zein baztertu.

Haren interpretazioetan isiltasunek duten distira berezia nabarmendu du kazetari batek agerraldian, eta bizitzaren erritmoak zinemara ekartzeko ezinbesteko elementutzat jo du aktoreak: «Isiltasunaren esplorazioa zineman arrapaladazko zerbait da, baina horrela soilik sor daiteke mugimendua, baita interpretazioak behar duen sotiltasuna ere».

Pertsonaiak prestatzeko funtsezko elementutzat, berriz, irudimena jo du. «Gure gurasoek askatasun tarte handia eman ziguten irudimena lantzeko, eta hori oinarria da, behaketarekin batera. Nik aktore izan nahi nuen gizakia hobeto ulertzeko; oraindik ez dut lortu, baina banoa pixkana, nire barruan eta pertsonaietan arakatuz». Proiektu bakoitzean egokitzen zaion pertsonaia prestatzea ofizioko alderik gozagarrienetako bat dela esan du: «Beti da barne eraikuntza lan bat, istorio bat kontatu behar duen zuzendariaren alboan egin behar dena».

Bere ospea askotariko borroka sozialei oihartzuna emateko baliatzeaz ere aritu da. «Erantzukizuna» ez, «beharra» sentitzen duela aipatu du: «Badakit nire izena film batean agertzeak arreta pizten duela, baina ez dut arrazoi soil horrengatik egin nahi». Emakume askorentzat erreferente izango dela ere iradoki diote. Irmo erantzun du: «Emakumearen mendekotasuna jadanik publikoki mantendu ezin den zerbait da; inoiz ez da jasangarria izan, baina onartu egin da. Me too fenomenotik aurrera, hitzak askatu egin dira, eta orain benetako iraultza batera iritsi gara. Pozik nago hori bizi izanagatik. Zineman ere, zenbat eta rol gehiago egon eurentzat, aldatu egiten da begirada eta toleratu ezin dena toleratzeari uzten zaio. Indartsu dator bilakaera».

Giza logikaren aldean

Donostia sariari lotutako emanaldien barruan, Cotillardek ekoitzi eta Flore Vasseurrek zuzendutako Bigger Than Us erakutsi dute gaur jaialdian, eta aktorearekin batera aritu da Vasseur ere arratsaldeko agerraldian.

Munduko bazter askotan, bidegabekerien aurrean altxatu diren gazte aktibisten istorioak biltzen ditu dokumentalak, Malawiko Errepublikako ezkontza behartuen auzitik, frackingaren kontrako AEBetako borrokara, Lesbosen itsasotik jendea erreskatatzen diharduten ekintzaileengana. Dagoen, datorren munduarekiko irudi larria erakusten du lanak. «Agertzen diren auziekiko soluzioak non dauden denok dakigu; ez dagoena da horiek praktikara eramateko proiekziorik», salatu du Vasseurrek.

Eta hitza hartu Cotillardek: «Memoryk [dokumentalean ageri da] ikusi zuen nola atxiki zuten haren ahizpa neskentzako zentro batean. Baina berak ezetz esan zuen, ez zuen indarkeria hura onartu, eta uste dut horrek asko esan dezakeela gizakiaz; nola giza logika batean sartzen ez denarekiko sumina gutako bakoitzarengan dagoen, eta, beraz, nola edozein unetan azalera daitekeen»

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

dFeria jaialdiko antolatzaile eta sustatzaileak, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpen agerraldian. ©Iñigo Uriz / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen dFeria jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.