ATLETICO MADRIL 0-0 ATHLETIC

Athleticek merezitako puntua lortu du Wandan

Taktikoki lan ona eginez berdindu du talde zuri-gorriak Atletico Madrilen zelaian. Bost partida jokatuta, ez du galdu, eta gol bakarra jaso du

Iker Muniain eta Marcos Llorente, lehian. JUAN CALRLOS HIDALGO / EFE
jon eskudero
2021eko irailaren 18a
19:58
Entzun

Olatuaren gainean jarraitzen du Athleticek. Ligari hasiera ona eman ondotik, orain arteko lehiarik gaiztoena izan du gaur, Atletico Madrilen zelaian, eta ez du hutsik egin. Oso neurketa taktikoa jokatu dute bi taldeek, elkarri errespetu handia agertu diote, eta orain arteko bide onari eutsi dio talde zuri-gorriak. Batez ere, defentsako sendotasunari eta ordenari esker, irmo mantendu da hasi eta buka, eta ez zaio askorik falta izan irabazteko. Luzapenean aukera galanta huts egin du Villalibrek. Dena den, bide onean dagoela berretsi du Marcelino Garciaren taldeak, eta datu bati erreparatu besterik ez dago: bost partida jokatuta, ez du galdu, eta lautan hutsean mantendu du atea; gol bakarra jaso du.

Lehen zatia ez da batere ikusgarria izan. Bi entrenatzaileek taldea ongi antolatuta izateari eman diote garrantzia; pieza oro bere tokian mantendu dute, eta futbolean beharrean, xakean aritu dira minutu askotan. Bi taldeak defentsan oso fidagarriak izaki, akatsen batek soilik eragin zezakeen gol aukeraren bat, eta halaxe iritsi da lehen aukera, 35. minutuan. Dani Garciak zelai erdian baloia galdu ondotik, Correa aukera baliatzear izan da, baina ez du asmatu. Williamsek ere izan du berea atsedenaldia heldu aurretik, baina motel ibili da. Lehen zati osoan ez da jaurtiketarik izan hiru zutoinen artean. Baloiaren zirkulazioa azkarragoa izatea falta izan zaio Athletici zerbait gehiago egiteko.

Bestela hasi da bigarren zatia. Izan ere, hasi eta berehala gol aukera garbia izan du etxeko taldeak, Correaren eskutik. Zutoin ondotik kanpora joan da haren burukada. Uso demonio erantzun du Williamsek, atezainaren aurrean bakarrik geratuta. Ez du asmatu, ordea. Partidaren bilakaera ikusita, 55. minutuan lau aldaketa egin ditu etxeko taldeak, eta pixkanaka agintzen hasi da. Bere arean sartu da Athletic, eta komeriak izan zditu baloia oinetan mantentzen. Ia beti luze joaz aritu dira atzelariak. 74. minutuan zutoinera jaurti du baloia Marcos Llorentek. Hura izan da etxekoen aukerarik garbiena.

Bazirudien partida amaiera oso luze egingo zitzaiela zuri-gorriei, baina opari ederra jaso dute: Joao Felixek txartel gorria ikusi du 78. minutuan, epaileari irain egiteagatik. Ordutik aurrerako minutuak protestan eta borrokan igaro ditu Atletico Madrilek, baina Athleticek hotz mantendu du odola. Jokalari bat gehiagorekin ari zela baliatuta, aurrerapausoa eman du, eta batez ere Nico Williamsen freskotasunari esker, gola egitetik gertu izan da. Villlalibrek aukera aparta izan du luzapenean, baina langatik gora bidali du baloia. Athleticentzat hain zelai madarikatua den hartan puntu bat lortzea ontzat jo daitekeen arren, irabazi ez izanaren penarekin geratu dira zuri-gorriak. Atseden hartzeko betarik gabe, berriz lehian izango dira asteartean San Mamesen, Rayo Vallecanoren aurka.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.