Donostiako 69. Zinemaldia.

Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi, Paul Urkijoren 'Irati' film berrian

Euskarazko pelikula berria datozen zortzi asteetan grabatuko dute Euskal Herrian eta Huescan (Espainia). VIII. mendean girotuko dute istorioa.

Gaurko aurkezpena. URTZI URKIZU
urtzi urkizu
2021eko irailaren 19a
17:33
Entzun

Eneko izeneko noble gazte bat Pirinioetako basoetan murgilduko da, aitaren gorpuaren bila. Eta Irati izeneko neska misteriotsu baten laguntza izango du bere abenturetan Enekok. Hori da Paul Urkijo zinemagilearen (Errementari) film luze berriaren abiapuntua. Gaur arratsaldean ezusteko aurkezpena egin dute, Donostian. Urkijok iragarri du datorren astean hasiko dituztela grabaketak. «Betidanik izan dut euskal mitologiari buruzko pelikula epiko bat egiteko gogoa», adierazi du. «Euskal Herriko historian eta mitologian egongo da oinarrituta». VIII. mendean girotuko dute istorioa. «Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komikian dago inspiratuta, bide batez, puntu errealista, ilun eta epiko batera eramanda». Ezpatak, izaki mitologikoak eta Euskal Herriko natur parajeak agertuko dira. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeak daude proiektuaren atzean.

Aktoreen artean, Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño egongo dira. Aurkezpenean parte hartuko dute hiruek, baina filmean lan egingo dute baita ere Iñigo Aranbarrik, Kepa Errastik, Elena Urizek, Nagore Aranburuk eta Iñaki Beraetxek.

Ituñok ez du spoilerrik egin, eta ez du iragarri zein pertsonaia jokatuko duen. «Baina esan dezaket oso pertsonaia eta esanguratsua eskaini didatela, barne-barneraino sartzen zaidana, eta sekulako erronka dela niretzat».

Filmean erabiliko den euskarari dagokionez, Urkijok azaldu du garaiko Nafarroako «proto-erresumako euskara zaharra» bilatzen saiatu direla. «Historikoki ezin gara iritsi errealitatera, baina soinu batzuk berreskuratuko ditugu, testura batzuk. H hasperena ere sartuko ditugu elkarrizketetan». Aktoreek nabarmendu dute erronka izango dela euskara. Hala ere, Urkijok nabarmendu du istorioa dela garrantzitsuena. Sagardoik ildo berean hala esan du: «Ulergarritasunari begira aritu behar zaio. Ulergarritasuna mantenduko da, euskararen altxor hori ere azaleratuta». Gorka Lazkano da ekoizpenaren euskara arduraduna (Errementari filmean ere bera arduratu zen euskaraz).

Orreagako (Nafarroa) batailaren ostean girotuko dute istorioa, baina garai hartako gudekin lotutako «zerbait» egongo dela iragarri du Urkijok. «Bestetik, euskal folkloreko ipuinetatik urruntzen saiatuko naiz. Filma ilunagoa izango da, errealistagoa eta sakonagoa; niretzat, errealagoa. Mitologiak daukan mamia bilatzen saiatuko gara». Argazki zuzendaria Gorka Gomez izango da. Musika, berriz, Arantzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik sortuko dute (Goya saria irabazi zuten, Akelarre filmeko soinu bandari esker). Azaroan espero dute grabaketekin amaitzea. «Ea datorren urteko udazkenerako amaitua daukagun», gaineratu du Urkijok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.