Berdintasuna

Bitoriano Etxaberi eman dio Jaizkibelek Berdintasun Saria

2018an irailaren 10eko mezan erakutsi zuen ausardia saritu dute epaimahaikideek. Eta «herria uztera» behartu zutela erantsi dute. Duela 25 urte alarde parekidearen alde kalera atera ziren emakumeei omenaldia egin diete.

Etxabe, saria jasotzen. JAIZKIBEL KONPAINIA
jon ordonez garmendia
2021eko irailaren 20a
12:16
Entzun

Hondarribiko Jaizkibel konpainiak Berdintasun Saria eman zuen atzo arratsaldean, Itsas Etxeko auditoriumean. Bitoriano Etxabe apaizak jaso zuen. Bidasoko Hitza-k azaldu duenez, Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Nieves Alzak, Arantza Egigurenek, Iñigo Lamarkak eta Xabier Lapitzek osatutako epaimahaiak bikarioak «konponbidea lortzeko egindako ahalegina» aitortzea erabaki dute, horretarako «ausardia» erakutsi baitzuen. Areago, «herria uztera» behartu zutela erantsi du epaimahaiak argudioen artean.

Duela hiru urte gertatu zen. Bitoriano Etxabe Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren Eliz Parrokiko apaiz zen orduan, eta irailaren 8ko egun hura «bortitza» izan zela dio Etxabek Bidasoko Hitza-n. Jaizkibel konpainia parekideak Kale Nagusia igaro ahala bizi izandakoari «oso gogorra» iritzi dio elizgizonak. Testuinguru horretan herriak eta familiek bizitako «sufrikarioari» erreparatuta, 1638ko setioan hildakoen omenez irailaren 10ean egin ohi den meza baliatu zuen bildutakoen artean mezu bat zabaltzeko: «Hitz egiteko». Ondoren, «jaiotzear dauden hondarribiarrei utzi nahi diegun herria hori ote den» galdetu zuen Etxabek.

Hautsak harrotu zituen parrokoak esandakoak, eta meza entzuten zegoen emakume bat aldarera igo zen haren eskuen artetik mikrofonoa kenduz. Handik gutxira trasladoa eskatu zion Etxabek Jose Ignacio Munilla Donostiako elizbarrutiko gotzainari, eta apaizak egun batetik bestera agur esan zion herriari. «Esan nituenak esan nituen, hala sentitzen nituelako, eta oraindik ere horrela sentitzen dut. Oso bortitza izan zen; sufrikarioa familietan, bi aldeetan, horixe ikusi dut. Sufrikario hori, zergatik?», jaso du Rebeka Ruizek Bidasoko Hitzan. Ildo horretan, etorkizuneko belaunaldietan jarri du begirada Etxabek, eta «itxaropentsu» agertu da, «denborarekin, belaunaldi berriekin, aurrerapausoak» emango direla uste baitu.

Horrez gain, sariak emateko ekitaldian omenaldi bat egin zieten duela 25 urte alarde parekidearen alde kalera atera ziren emakumeei.

Ekainean Irunen izan zen 25. urteurrena, eta irailaren 8an, Hondarribian. Urteurren horren harira, BERRIAk Ixabel Alkain eta Mertxe Tranche elkartu zituen elkarrizketa baterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.