Memoria historikoa
Errepresio frankistak 3.507 hildako eragin zituen Nafarroan 1936 eta 1948 artean
NUPeko Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Funts Dokumentala taldeak egin du ikerketa.
NUPeko Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak ikerketa bat egin du 1936ko gerran eta frankismoaren hasieran (1936-1948) Nafarroan izandako errepresioaren ondorioz hildakoen inguruan, eta, tarte horretan errepresio frankistak Nafarroan gutxienez 3.507 hildako eragin zituela ondorioztatu dute.
1936 eta 1948 bitartean Nafarroan izandako errepresio frankistari buruzko zifrak eguneratu ditu txostenak; lehendik egindako beste ikerketa batzuen berrikuspen batetik abiatuta egin dute lana. Hildakoen inguruko hainbat datu ere jaso dituzte txostenean, eta haien datuak kontsultatzeko modua ere jarri dute.
Datu basean erregistratuta dauden 3.507 biktimen artean agertzen dira Nafarroan bizi zirenak eta Nafarroan hil zituztenak. Azpikategoriatan ere banatu dituzte, hilketak nola gertatu ziren aintzat hartuta: hilketak 2.934 izan ziren; preso zeudela hildakoak, 448; eta beste testuinguru errepresibo batzuetan hildakoak, 125. Hildakoen militantzia politikoa edo sindikala zein zen ere ikus daiteke.
Errepresioaren parterik handiena, Erriberan
Webgunean kartografia atal bat ere ireki dute, eta udalerriaren arabera eraildako pertsonen zifrak eta tasak kontsulta daitezke hor, besteak beste. Iruñean izan ziren hilketa gehienak: 300 guztira. Hortik aurrera, nabarmena da Erriberan izan zuela eragin handiena errepresioak. Lodosan 137 pertsona hil zituzten; Mendabian, 97; Sartagudan, 84; Corellan, 84; Azkoienen, 82; Milagron, 78; Tuteran, 65; Azagran, 64; Carcarren, 58; Buñuelen, 54; eta Fiteron, 50, adibidez.
Tasak ere kalkulatu dituzte: 1930eko erroldaren arabera herriko mila biztanleko zenbat hil zituzten. Herrien arteko konparaketak egiteko balio du tasa horrek, eta horretan ere argi ikusten da Erriberako herrietan frankismoak utzi zuen lorratza: Sartagudan, mila biztanletik 68 hil zituzten; Lodosan, milatik 32; Carcarren, milatik 31; Mendabian, milatik 29,5; Funesen, milatik 28.
Eskualde buruetan, Zangozan 44 hilketa izan ziren; Lizarran, 37; Tafallan, 35; eta Altsasun, 28. Probintziaren iparraldean hilketa askoz gutxiago egin zituen frankismoak. Erriberatik gorakoen artean, hauek izan ziren hilketa gehien izan zituzten herriak, Iruñea alde batera utzita: Olatzagutian, hogei; Atarrabian, hamazazpi; Baztanen eta Etxarri-Aranatzen, bederatzina; Beran, zortzi; Burlatan, zazpi; Izaban, sei.
Irakurle agurgarria:
Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.
Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.
Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria