Datuak

Hegoaldeko testen %1,7k eman dute positibo

Osakidetzak eta Osasunbideak 145 kutsatu zenbatu dituzte, ia 9.000 test eginda. Guztira 209 lagun daude gaitzak jota erietxeraturik.

COVID-19a atzemateko PCR proak, Gurutzetako Ospitalean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 21a
13:43
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi jakinarazi zuen positiboen ehunekoa aldagai esanguratsua izan daitekeela pandemiaren bilakaera neurtze aldera. Hain zuzen, erakundeak zehaztu zuenez, izurria kontrolaturik izan nahi bada, egun bakarrean egindako testen %5ek izan behar dute, gehienez, positiboak; ehuneko horretan zehaztu zuten gehienezko muga. Hego Euskal Herrian, ehuneko hori langa horretatik behitikoa da, nabarmen: atzoko proben %1,7k eman zuten positibo. Zehazki, 8.750 proba egin ziren COVID-19a atzemateko, eta 145 kasu zenbatu zituzten.

Lurraldez lurralde, Bizkaian detektatu zen positibo gehien: 57 izan ziren. Gipuzkoan, berriz, 45 atzeman ziren; Nafarroan, 26; eta Araban, 11.

Bestalde, ospitaleei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute atzo hemeretzi lagun erietxeratu zituztela gaitzak jota. Birusa duten 209 dira Hegoaldeko zentroetan, eta horietako 62 ZIUetan daude, larri.

Jaurlaritza, itxaropentsu

Ohi bezala, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak prentsaurrekoa egin du Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren egoera epidemiologikoari buruzko adierazpenak egiteko. Azken egunotako joerari eutsita, esperantzaz hitz egin du Sagarduik. «Egoerak hobera egin du, hobera egiten ari da. Horretan ez dago zalantzarik», esan du. Dena dela, birusaren kontrako txertoaren hirugarren dosian jarri du fokua sailburuak. Gogora ekarri du Osakidetza atzo hasi zela zaharren egoitzetako eta menpekotasuna dutenentzako zentroetako erabiltzaileei hirugarren zizta jartzen. Aurreikuspenetan oinarritutako datu bat ere eman du: hirugarren dosia 26.000 pertsonari jartzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.