Albistea entzun

Donostiako 69. Zinemaldia. Donostia saria

Depp: «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik»

Emazte ohiari tratu txarrak eman izanaren salaketa airean egon zen ekitaldian, nahiz eta inork ez aipatu zuzenean.

Johnny Depp aktorea, atzo, Donostia Saria jasotzeko ekitaldian.
Johnny Depp aktorea, atzo, Donostia Saria jasotzeko ekitaldian. Gorka Rubio / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko irailak 23 15:26

Kritikak kritika, txalo artean jaso du bart Donostia saria Johnny Depp aktore estatubatuarrak, Kursaalean eginiko ekitaldian. Zaleen sostengua eskertu du, haiek eman diotelakoan «aurrera jarraitzeko kemena».

Marion Cotillarden txanda hartu du Deppek. Aktore frantsesak jaso zuen Donostia saria joan zen ostiralean, eta harekin batera izan da izendatua estatubatuarra aurten.

Cotillarden sariak adostasuna baino ez du sortu; Deppi eman izanak, ordea, haserrea eragin du zinemagintzako eta gizarteko hainbat talderen artean, emazte izandakoari tratu txarrak eman izana egotzi diotelako aktoreari. Tratu txarren akusazioari buruzko galderei ez zien erantzun arratsaldeko prentsaurrekoan.

Edurne Ormazabalek aurkeztu du ekitaldia. Adierazi duenez, «Depp aktore ona bezain sailkaezina da». Haren «magnetismoa eta pertsonaia bakoitza antzezteko modu berezia» nabarmendu ditu, eta tartean Edward Scissorhands eta Jack Sparrow aipatu ditu, adibide gisa.

Denera 90 film baino gehiagotan aritu da aktorea, eta hamar bat ekoitzi ditu. Horietako batek Epaileen Saria jaso zuen iaz, Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan (Julien Templek zuzenduta). Hori aurkezten egon zen Depp iaz Donostian.

Jose Luis Rebordinos Zimenaldiaren zuzendariak eman dio garaikurra. Ohoretzat hartu du aktoreak saria, eta eskerrak eman ditu. «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik», esan du aktoreak. «Zinema jendearentzat da, eta jendeak agintzen du».

Eskerrak eman dizkio Rebordinosi eta Zinemaldiari, «gauzak hartzeko modu zoragarriarengatik, perspektibarengatik eta gauzak ikusteko erarengatik. Ez dut inoiz ahaztuko».

Zinemaldia goraipatu du, «zinema jaialdi bat izan beharko lukeenarekin bat datorrelako, eta zinema eta jendea ardatz dituelako».

Cotillard sarikideari zorionak eman dizkio, nahiz eta harekin ez den elkartu Donostian. «Neska bikaina, zoragarria» dela esan du.

Zaleak bere «zutabe» izan direla nabarmendu du. «Eskerrik asko neure borrokalariei; sentitzen dut sortu izan diren arazoengatik». Berak ere bere buruan sinesten duela adierazi du.

Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan egin bezala, salaketa faltsuen biktima izandakoen kasuak aipatu zituen ekitaldian, bere aferarekin paralelismoa egin nahian. Arkansasen (AEB) 1993. urtean hiru haurren hilketaren harira oker zigorturikoak ekarri zituen gogora. «Errugabeak ziren, eta Damienek [Echols], atxilotuetako batek, zortzi urte pasatu zituen heriotzaren korridorean». Deppek gogoratu du aferan esku hartu zuela, eta Hollywoodeko beste hainbat figurarekin batera sostengua eman ziola zigorturikoari. Azkenean, kasua berriz aztertu zuten auzitegiek, eta Echols errugabetu egin zuten.

Aferak erakutsiko luke, Deppen arabera, jendeak justiziaren horma zulatzeko boterea duela, kolpe txikien bitartez bada ere. «Hori esaten dut ni orain oso txikia naizelako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Oier Iruretagoiena artista <em>San Sebastian eta fantasma</em> erakusketarako ondutako pieza baten ondoan, Donostiako San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU

Sufrimenduaren estetizazioa

Itziar Ugarte Irizar

Oier Iruretagoienak 'San Sebastian eta fantasma' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bi parte ditu: martiri erromatarraren iruditik abiatutako lanak eta soinu instalazio bat

Cristina de Middelek Aleatoris Vulgaris seriean sortu dituen collageetako bat. ©BERRIA

Irudiekin kritika egiteko lengoaiak

Ane Eslava

Cristina de Middelek artearen tresnak baliatzen ditu argazkiekin bere ikuspegiak zabaltzeko. Erakusketa bat jarri du Nafarroako Unibertsitateko Museoan

Gure izeneko umea eta haren aita dira Alex Orbe marrazkilariak eta Unai Elorriaga idazleak argitaratutako <em>Jarraitu inurriari</em> liburuko protagonistak. ©HARRIET EDICIONES

Lurrundu egin den ama bat

Iñigo Astiz

Unai Elorriaga idazleak eta Alex Orbe marrazkilariak ama noiz itzuliko esperoan bizi diren aita-alaba batzuen nondik norakoak kontatu dituzte 'Jarraitu inurriari' komiki liburuan

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Tradizioa etxe zahar bat eraberritzearen moduko zerbait da»

Alex Uriarte Atxikallende

'KlasikAT'egitasmoaren barruan, Kalakanek Euskadiko Orkestrarekin diskoa grabatu du. Hego Euskal Herriko lau hiruburuetan eta Donibane Lohizunen aurkeztuko dute, urriaren 20tik azaroaren 5era bitartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna