Katalunia

Puigdemont: «Espainiak ez du barregarri geratzeko aukera bat bera ere galtzen»

Kataluniako presidente ohia aske utzi du Italiako justiziak. Espainiako Auzitegi Gorenaren euroaginduaren ondorioz atxilotu dute. Sassariko Helegite Auzitegiak baldintzarik gabe utzi du aske, baina urriaren 4an itzuli beharko da Sardiniara deklaratzera, haren kontrako Espainiaratze eskaria argitzeko.

Cales Puigdemont, @KRLS. CARLES PUIGDEMONT KATALUNIAKO PRESIDENTE OHI ERBESTERATUA GAUR, SARDINIAKO ESPETXETIK IRTETEN.
Mikel Rodriguez - Oihana Elduaien - Arantxa Elizegi
2021eko irailaren 23a
23:48
Entzun

Irten da Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua Sardiniako Bancari espetxetik. Kargurik gabe aske utzi du Sassariko Helegite Auzitegiak, baina Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra igorria duen euroaginduaren auzia argitu beharko du justiziak oraindik, eta, beraz, deklaratzera itzuli beharko du Italiako uhartera, urriaren 4an.

Espetxetik irten eta berehala, Espainiako justiziaren jokabidea kritikatzeko baliatu ditu lehen hitzak. «Europako Justizia Auzitegiaren erabakia oso argia da, eta gaur ikusi da hori. Espainiak ez du barregarri geratzeko aukera bat bera ere galtzen».

Puigdemont bart atxilotu du Italiako Poliziak, Sardiniako S'Alighera hiriko aireportuan. Kataluniako eta Espainiako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren nazioarteko atxilotze agindu baten ondorioz atzeman dute. Josep Lluys Alay Puigdemonten bulegoko buruak Twitter bidez jakinarazi duenez, gaur Sassari hiriko Apelazio Auzitegian deklaratu du. Sassariko Helegite Auzitegiak ebatzi du Generalitateko buruzagi ohiaren atxiloketa «legearen araberakoa» izan zela.

Bideoa: Josep Lluis Alay, Puigdemonten bulegoko burua, aske uzteko erabakiaren berri ematen.

[YouTube]https://youtu.be/C67HDpfLNlw[/YouTube]

Euroagindu eskaeraren funtsa ez ezik, euroagindu hori indarrean dagoen edo ez ere argitu beharko du auzitegiak. Izan ere, Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek dio indargabetuta dagoela agindu hori, Pablo Llarenak aurkeztutako arazo aurrejudizial bat argitu bitartean. Hala zehazten du Europako Justizia Auzitegiak uztailaren 30ean kaleratu zuen autoak ere. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, gaurohar bidez ziurtatu du euroagindu hori indarrean dagoela oraindik ere. Pablo Llarena epaileak euroaginduarekin lotutako dokumentazioa bidali dio jada Sassariko auzitegiari. Bertsio kontrajarri horien artean, zer egin erabaki beharko du Italiako justiziak hurrengo asteetan. Horixe izango da auziaren muina.

Alayk jakinarazi duenez, ekitaldi ofizial batzuetan parte hartzera joan da Puigdemont Bruselatik S'Aligherara. Besteak beste, kultura katalanaren Adifolk jaialdira joatekoa zen —jatorri katalaneko hiria da S'Alighera, eta biztanleen laurdenak inguru katalan hiztunak dira—, eta Sardiniako Eskualde Autonomoko presidentearekin eta S'Aligherako arartekoarekin elkartzekoa zen. «Aireportura ailegatu denean, Italiako Poliziak atxikita eduki du. Bihar [gaur] Sassariko Apelazio Auzitegiko epaileen esku utziko dute, hark baitu eskumena libre uztea edo estraditatzea erabakitzeko». Boyek jakinarazi duenez, aireportuan, Italiako Poliziarekin batera, Espainiako Poliziako bi kide ere bazeuden, eta zuzenean joan dira Puigdemontengana hura atxilotzera. Aipagarria da joan den ostegunean bertan Parisen izan zela Generalitateko presidente ohia, eta han ez zela ahaleginik egin hura atxilotzeko.

Testuinguruak bultzatuta, Kataluniako Generalitateak ezohiko bilera egin du eguerdian, Pere Aragones presidenteak hala eskatuta. Batzartu ostean, gobernuko kideek agerraldia egin dute, eta Puigdemont lehenbailehen aske uzteko eskatu. Aragonesek berak iragarri du S'Alighera hirira joango dela datozen orduetan Jordi Puignero presidenteordearekin batera, «Puigdemont presidentearen aldamenean egoteko». Aragonesek gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, eta «mendeku bila» aritzea egotzi dio. «Espainiako sistemak sinesgarritasun osoa galdu du. Argi utzi du sistema erabat anakronikoa dela».

Puigdemont europarlamentaria da gaur egun, hura bezala erbestean diren Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohien gisa. Europako Parlamentuak immunitatea kentzearen alde bozkatu zuen, Espainian epaitu ditzaten 2017ko urriaren 1eko independentziari buruzko erreferendumaren aurkako prozesuan. Puigdemontek helegitea jarri zuen, eta Europako Auzitegi Orokorrak joan den uztailean immunitatea indargabetu zien hirurei, nahiz eta auziaren funtsari buruz ebazpenik ez duen eman oraindik.

Auzitegiak argudiatu zuen ez zutela atxilotuak izateko arriskurik, Espainiako Auzitegi Gorenak eurodiputatuen aurka igorri zituen euroaginduak indargabetuta daudelako, Pablo Llarena Goreneko epaileak arazo aurrejudizial bat aurkeztu zionetik Europako Justizia Auzitegiari, atxilotze agindu horiekin lotuta. Auzitegi Orokorrak gaineratu zuen kautelazko neurriak berriro aztertuko lituzkeela arazo aurrejudiziala argitu ostean euroaginduak indarrean sartuko balira berriz. Hain zuzen ere, hori bera eskatuko dio Gonzalo Boye abokatuak Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiari: hau da, Europako Parlamentuko suplikatorioa onartu zutenean kendu zioten immunitatea berriz ere indarrean sartzeko.

Hain zuzen, datozen orduetan argitu beharreko funts judiziala da zertan oinarrituta egin duen atxiloketa Italiako Poliziak.

Pere Aragones Kataluniako presidenteak «gaitzespen irmoa» egin dio «errepresio eta jazarpen judizialari». «Amaitu behar da. Amnistia da bide bakarra. Autodeterminazioa, irtenbide bakarra. Zure ondoan, presidente». CUPek ere Puigdemont askatzeko eskatu du. «Aski da errepresioarekin: amnistia eta autodeterminazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.