Hazkundea

Jaurlaritzak zazpi hamarren igo du 2022rako hazkunde aurreikuspena

Aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %6,7 handituko dela dio, aldaketarik gabe, eta 2022rako %6,4raino igo du espero duena

Beasaingo CAF enpresaren fabrika. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2021eko irailaren 24a
10:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eguneratu egin du bere koadro makroekonomikoa. Aurtengo hazkunde aurreikuspenari eutsi dio: %6,7; baina nabarmen handitu du 2022. urterako espero duena: % 6,4; hau da, orain arteko aurreikuspena zazpi hamarren igo du, eta horrekin batera garbi helarazi du pandemiaren osteko errebotea uste baino handiagoa gerta daitekeela datorren urtean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkunde aurreikuspena, aurten, berdina izanik ere, hazteko modua zertxobait aldatu dela azaldu du Pedro Azpizuren sailak. Barne eskari indartsuagoa espero du; lehen, %6,9 handituko zela aurreikusi zuen, eta datu berriek %7,3ra iritsiko dela diote. "Txanponaren beste aldean, barne eskariaren indar horrek berak inportazio handiagoa eskatzen du", dio Ekonomia Sailaren oharrak; "eta, hartara, oraingo aurreikuspenean negatiboagoa da kanpokoarekin dagoen saldoa". Eskaintzari erreparatuta, berriz, egungo egoerak industriaren bultzada handixeagoa egongo dela islatzen du, eta haren balio erantsia %9,7 handitzea aurreikusi du Gasteizko gobernuak. Eraikuntza %4,2 handitzea espero du, eta zerbitzuak, %5,7;"oso kopuru adierazgarriak" dira, Ekonomia Sailaren arabera.

Lakuaren oharrak azaldu du Espainian 2022rako itxaropena duela hiru hilabetekoak baino baikorragoak direla, eta "ingurune hurbileneko hobekuntza hori" Europako funtsen egutegien ondoriozkoa dela, aurreikusten diren irabaziak 2022an metatzen direlako, batik bat. Bada, Espainiaren hazkunde handiago horrek eragin positiboa izango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomietan, eta, hortaz, aurreikusitakoa baino bultzada handiagoa izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.