Enpresak

Irizarrek beste 30 autobus elektriko saldu dizkio Madrilgo EMT udal enpresari

Ormaiztegiko enpresak jakinarazi du EMTk bere autobus flota elektrifikatzeko konpromisoa duela oraindik ere, eta laugarren aldiz 30 autobus elektrikoren eskaera egin diola Irizar e-mobilityri. Hala, EMTk Irizarren zero igorpeneko 85 autobus izango ditu guztira

Irizarren autobus elektriko bat, Madrilen. BERRIA
xabier martin
2021eko irailaren 24a
11:13
Entzun

Madrilgo EMT udal garraio konpaniak berriro aukeratu du Irizar Ie Bus modeloa, hamabi metro luze dena, Madrilen zerbitzua emateko zero igorpenez. Modelo hori, Irizarrek esan duenez, "guztiz segurua da, irisgarria, autonomia eta eraginkortasuna behar bezala egiaztatuak dituena, eta pertsonalizatzeko aukera handiak eskaintzen dituena".

Madrilen ibiliko diren ibilgailuek Irizar bateriak izango dituzte, halaber, eta bi ate, bidaiarientzako 28 eserleku, gidarientzako besaulki bat eta bi gune aulki gurpildunentzat. Jema Energy etxeko (Irizar taldeko enpresa) ECI-100 kargagailu elkarreragile hornituko ditu Irizar e-mobilityk, 100 kilowatteko karga adimenduneko sistemarekin. "Horiei esker, hiru orduan kargatuko dituzte ibilgailuak Combo 2 kargatze hargunearen bidez". Pantografo baten bidez kargatzeko aukera ere izango da, dena den. Ibilgailuek Irizar taldeko Datik enpresaren telemonitorizazio sistema izango dute, gainera.

"Autobus horiek lagungarriak izango dira Madrilgo hiria sustatzen ari den iraunkortasun helburuak lortzeko", azaldu Ormaiztegiko kooperatibak. "Madrilgo EMT erreferentea da munduan elektromugikortasunari dagokionez, eta harro gaude haren iraunkortasun estrategian laguntzeaz, lehendik daukan flotari hogeita hamar ibilgailu berri gehituz”, adierazi du Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.