Albistea entzun

Musika

Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero jolea hil da

Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilariarekin bikotea osatu zuen urte luzez. 88 urte zituen

Ramon Zubizarreta 'Landakanda' , 2013ko argazki batean.
Ramon Zubizarreta 'Landakanda' , 2013ko argazki batean. Ibon Errazu Uria Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2021eko irailak 25

Urola Kostako Hitza-k jakitera eman duenez, gaur hil da Ramon Zubizarreta Landakanda. 88 urte zituen, eta bizitza osoa panderoa jotzen igaro ondoren zendu da.

Azkoitiko Altzibarko auzoko Landakanda baserrian jaio zen 1932an, eta gaztetxoa zela Izer baserriko lehengusu batzuek ekarritako pandero batekin hasi zen jotzen. Orduan Zumarragako Trikitiaren mireslea zen Landakanda. «Joxe Oriaren ahotsa, hura ahotsa! Beldurgarri altua! Hura imitatzen saiatzen nintzen», adierazi zuen 2011n, Miel Anjel Elustondok idatzitako biografia (Landakanda, panderoaren erregea) aurkeztu zutenean.

Juan Luis Zabala kazetariari 2012an Berria-rako emandako elkarrizketa batean aitortu zuenez, gurasoen iritziaren kontra hasi zen erromeriatan panderoa jotzen. «Gaizki ikusita zegoen, parrandarekin lotzen zelako. Baina parrandan egon beharra dago, derrigorra da. Nik ere makina bat ordu pasa ditut, baina... lanean! Bestela ez naiz ni parrandan ordu asko egitekoa».

Lehenengo jendaurreko saioa 18-19 urterekin egin zuen, Azpeitian (Gipuzkoa), baina 26 urterekin ezkondu eta utzi egin zion plazan jotzeari, garai hartan trikitia ez baitzegoen ondo ikusia. 40 urte zituela, berriz, Juan Garate Alkorta Maltzeta soinu jolea joan zitzaion harekin jo zezan eskatuz. Omenaldi batean jo zuten biek, eta handik aurrera Landakandak ez zion jotzeari utzi.

Pikuarekin, Zendoiarekin, Auntxarekin, Epelderekin, Maltzetarekin eta Eleuterio Tapiarekin jo izan zuen lehen urteetan, baina Iñaki Garmendia Laja-rekin lortu zuen inorekin baino oihartzun handiagoa. Laja eta Landakanda. Elustondoren liburuan Lajak berak azaldu zuen zergatik aukeratu zuen Landakanda bikote gisa: «Hain garbi kantatzen zuen, izan ere! Batzuei ahotsa aditu bai, egiten zaie, baina ez dute behar bezala ahoskatzen».

1977an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa (Trikitixa) —Madrilen grabatua—, eta segidan beste hainbat etorriko ziren: Laja eta Landakanda (1981), Pepe Yanciren omenez (1986), Gure oroitgarri (1994).

Bi aldiz izan zen txapeldun, eta txapelketen aldekoa zen, soinu jole eta pandero joleak ezagutzera emateko bide egokitzat jotzen zituelako: «Txapelketa beharrezkoa da, nire iritziz. Hor azaldu behar duen batentzat, azaltzeko modurik onena horixe da. Bestela, izena egitea asko kostatzen da. Norberaren herrian ezagutuko dute, baina besteetan? Aldiz, txapelketa batera jende asko joaten da, leku askotatik joan ere».

2001ean Lajarekin osatzen zuen bikotea utzi zuen Landakandak, nahiz eta gerora ere elkarrekin behin baino gehiagotan aritu ziren. Orain dela bi urte hil zen trikitilaria, eta gaur haren laguna zendu da.

Lajak berak Elustondoren liburuan esandakoek laburbiltzen dute beste ezerk baino hobeto zer izan den Landakanda: «Ramoni ez zaio ezer falta. Panderista onak ondo kantatu behar du, panderoa ondo jo behar du, eta jendearekikoa izan behar du. Hirurak dira inportanteak, eta Ramon punta-puntakoa da horietan, jotzen, kantatzen eta lagun izaten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Irrintzi eta Jose Ibarrola Agustin Ibarrolak margotutako 'Gernka' koadroa atzean dutela ©Aritz Loiola/ Foku

Ibarrolaren 'Gernika' erakutsiko du Bilboko Arte Ederren Museoak

Iñigo Astiz

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' koadroari eta haren testuinguruari buruzko erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren 'Gernika' hartzeko aurkeztutako aurreproiektua ere jarri dute ikusgai

Victor Arrizabalaga eskultorea, Angurretan. / ©Monika del Valle, Foku

Harri zaharren erabilera berriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

   
Victor Arrizabalaga eskultoreak arte gune bihurtu du 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko Mañariko Angurreta harrobia. Arte garaikidearentzako leku bat izatea da helburua, baina ohiko kultur ekitaldiak ere hartuko ditu.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. ©BOB EDME

Amets Arzallus, lehen finalista

Hodei Iruretagoiena

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna