Valentzia 1-1 Athletic

Saririk gabeko marka

Athletici azken unean berdindu diote Valentzian. Williamsek 202. lehia jokatu du segidan Ligan, Larrañagaren marka berdinduz.

haritz gallastegi
2021eko irailaren 25a
19:51
Entzun

Beste behin luzapenean. Athleticek hiru puntu irabazteko aukera geldu du arauzko denbora beteta zegoenean azken bi partidetan. Asteartean, Rayo Vallecanoren kontra, Radamel Falcaoren golaren erruz 1-2 galdu zuen San Mamesen. Eta, gaur, Mestallan, Marcos Andrek sartu du Valentziaren banakoa lehia ia amaituta zegoenean, 94. minutuan. Bi kolpe handi izan dira.

Rayoren kontrakoa porrota mingarria izan zen, talde zuri-gorriak neurketa txarra jokatu zuelako. Mestallako porrota, berriz, amorrua eragiteko modukoa. Izan ere, jokalari bat gehiagorekin, Athletic ez da gai izan 0-1eko abantailari eusteko. Gainera, zuri-gorriek asteartean baino dezente hobeto jokatu dute, lehiakorrago.

Txandatzeak albo batera utzi, eta Marcelinok bere gustuko hamaikakoa zelairatu du. Erabaki hori, bi teknikariek euren arteko ikusezina albora utzi, eta elkarri bostekoa eman aurretik hartutakoa izan da, Marcelino eta Bordalas ez baitira ondo moldatzen. Behin Hernandez Hernandez epaileak neurketaren hasiera adierazi ostean, Iñaki Williams izan da protagonista. Aurrelari zuri-gorriak 202. partida jokatu du Espainiako Ligan errenkadan (2016ko apirilaren 20tik lehia guztiak jokatu ditu), Juan Antonio Larrañagaren marka berdinduz. Baina ezin izan du garaipenarekin ospatu.

Neurketak esperotako gidoia izan zdu, Valentzia eta Athletic antzeko taldeak baitira. Taktikoki ondo landuak, zuzenak, sormen gutxikoak eta aurkariaren akatsetatik bizi direnak gehienetan. Lehen zatian apenas izan dute aukerarik bi taldeek. Area inguruan jokaldi arriskutsuak bai, baina Cillessen eta Unai Simon atezainek ia ez dute lanik izan. Ez area batean ez bestean.

Bigarren zatia ere ildo beretik hasi da, baina neurketak aurrera egin ahala aldatu egin da gidoia. Lehen aukera garbia Wassek izan du, 60. minutuan. Euskarriak areaz kanpotik eskuinez egindako jaurtiketak zutoina jo du. Athleticek, ordea, golarekin erantzun dio etxekoen abisuari. Iñigo Martinezek denboraldiko bigarren gola sartu du korner batean, buruz. Ez da erremate erraza izan, atzeraka egin behar izan baitu.

Zailena egin du Athleticek. Gainera, Maxi Gomezi bigarren txartela atera dio epaileak neurketa amaitzeko hamabost minutu falta zirenean. Dena alde zuten zuri-gorriek. Baina ez dira abantailari eusteko kapaz izan. 94. minutuan Guillamonek ezkerrera jokatu du, eta Guedesek area barruan penalti puntura egindako erdiraketa Marcos Andrek baliatu zuen lehia berdintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.