Fires lantegi okupatua hustu dute, eraikina eraisteko

Ertzaintzak Donostiako Añorga Txiki auzoko Fires lantegi okupatua hustu du, eta hasi dira eraikina eraisteko lanak. Hor bizi ziren hainbat lagun kalean geratu direla salatu dute.

Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 28a
11:29
Entzun

Aurreikusita zegoen modura, Ertzaintzak Donostiako Añorga Txiki auzoko Fires lantegi okupatua hustu du, eraikinaren eraiste lanei bide emateko. Gauerdian hasitako operazioarekin, Polizia lantegi barruan zeuden lagunak identifikatuz eta kanporatuz joan da, 10:00ak aldera gunea hustutzat jo duten arte. Gune autogestionatuko kideek azaldu dutenez, ordea, eraikina etxebizitza alternatibarik ez duten zenbaiten bizitokia zen, eta salatu dute haietako asko lo egiteko lekurik gabe geratu direla.

Abandonaturiko lantegia 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten: Eraldia mugimenduaren izenean 150 pertsona inguru eraikinera sartu ziren. Eraikinaren okupazioak bi helburu nagusi zituen jatorrian: Donostialdeko herri mugimendua saretzea, sustatzea eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzea. Sei urteko ibilbidearen ostean, berriz, Fires Donostian bizitzeko lekurik ez zutenentzako aterpe ere bilakatu zen duela zenbait hilabete.

Ikusi gehiago:argazki bilduma.

2018tik hona, ordea, Fires hustua izateko mehatxupean izan da, eraikinaren jabetza duen enpresak hura bota eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa duelako. Hain zuzen, Donostiako Udalak Añorga Txikiko lantegiaren eremuan eta haren inguruetan 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia onartu du, eta Fires hustea «hiriaren gentrifikazioaren ondorio» dela salatu izan dute hango kideek horregatik.

Larunbatean, Añorga Txikiko ehunka bizilagunek manifestazio bat egin zuten udalak onarturiko hirigintza planaren aurka. Izan ere, auzotarrek diote ez dela bertakoen iritzia kontuan hartu auzoan horrenbesteko eragina izango duen proiektu hori garatzeko –600 biztanle inguru ekarriko lituzkeela uste da–; seinalatu dute azpiegitura publiko gehiago sortu beharko liratekeela auzoan, «masifikazioa» eragin dezaketen etxebizitza horiek eraiki beharrean.

Horiek horrela, gaur arratsaldean elkarretaratze bat egingo dute Donostiako udaletxearen aurrean, 19:30ean, Fires hustu izanaren eta Añorga Txikiko hirigintza planaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.