JAPONIA

Fumio Kishidak irabazi ditu LDPko primarioak, eta Japoniako lehen ministroa izango da

2012 eta 2017 artean Atzerri ministroa izandakoa izango da gobernuan dagoen alderdiaren hautagaia aste batzuk barru egitekoak diren hauteskunde orokorretan

Fumio Kishida, gaur, Tokion, LDPren primarioak irabazi ondoren. JIJI PRESS / EFE
Igor Susaeta.
2021eko irailaren 29a
10:06
Entzun

Fumio Kishidak irabazi ditu LDP Alderdi Liberal Demokratikoaren primarioak, eta Japoniako lehen ministroa izango da, horrenbestez. 2012 eta 2017 artean Atzerri ministro izandakoa izango da, gainera, gobernuan dagoen alderdiaren hautagaia aste batzuk barru egitekoak diren Japoniako hauteskunde orokorretan. Yoshide Suga (LDP) azkeneko urtean lehen ministroa izandakoa ordezkatuko du karguan. Izan ere, Sugak dimisioa eman zuen hilaren hasieran, haren kudeaketaren aurkako kritikek bultzatuta.

Primarioen bigarren itzulian, 257 boto lortu ditu Kishidak, eta 170 Taro Konok, Administrazio Erreformako ministroak. Kono oso aktiboa da sare sozialetan, eta bozen aurreko inkestetan hura zen irabazteko faboritoa. Baina azkenean erabakigarriak izan dira alderdiak parlamentuko bi ganberetan dituen ordezkarien botoak, eta horiek, LDPko kide beteranoek bezala, Kishida babestu dute. Bigarrenean ez bezala, alderdiaren barne bozetako lehen itzulian oso-oso txikia izan da botoen aldea: 256 Kishidak eta 255 Konok. Bozketa horretan Sanae Takaichi (188) eta Seiko Noda (63) hautagaiek ere parte hartu dute.

Behin primarioak eginda, lehen ministro izendatuko dute Kishida. Datorren astelehenean da egitekoa horretarako osoko bilkura, eta, sekulako ezustekorik ezean, Suga ordezkatuko du karguan, LDPk gehiengo nabarmena baitu parlamentuko bi ganberetan. Eta jada aurrera begira jarri da Kishida: «Orain hauteskundeetarako prestatu behar dugu», adierazi du gaur, aukeratua izan ondoren egindako aurreneko adierazpenetan. COVID-19ak eragindako pandemia alboratu gabe, nabarmendu du lehentasun izango duela aurrekontu orokorren zirriborroa osatzea, eta, esaterako, jaiotza tasaren gisako «premiazko gaiei» heltzea, horrek azken urteetan behera eta behera egin baitu Japonian.

Datozen hiru urteetan da LDPren buru izatekoa, eta aurreneko erronka aste batzuk barru edukiko du Kishidak. Indarrean dagoen legegintzaldia urriaren 21ean da bukatzekoa, eta, hortaz, hauteskundeetara deitu beharko du. Azkeneko bi hauteskunde orokorretan, 2014koetan eta 2017koetan, erraz nagusitu zen LDP, botoen %33 inguru lortuta hautetsontzietan. Ikusteko dago zer gertatuko den hurrengo bozetan, baina alderdiak ez du pandemia hasi aurretik zuen babesa. Izurria herrialdea gogor jotzen ari zen arren, gobernua Olinpiar Jokoak egitearen alde agertu zen, eta hori ez zitzaien gustatu herritarrei. Jokoak hasi aurreko asteetan egindako hainbat inkestaren arabera, japoniarren %80 inguru jokoak egitearen aurka zeuden.

Profil ekonomikoa

Politikarien familia batetik dator Kishida, eta herritarren kritikak apaltzea izango du helburu datozen asteetan. Haren ingurukoen iritziz, profil bateratzaile bat du hori egin ahal izateko. Hori dela eta, haren kontrarioek zozotzat eta aspergarritzat hartzen dute. Eta Kishidak eman ditu arrasto batzuk egin nahi duenaz. Agindu du, esaterako, «dozenaka bilioi yen» —dozenaka milioi euro— gastatuko dituela pandemiak ekonomian eragindako kaltea konpontzeko. Oro har alderdiaren ildoarekin bat egiten du, baina kritiko agertu zen Shinzo Abe lehen ministroaren garaian (2012-2020), gobernuak ekonomikoki hartutako bidearekin, eta adierazi zuen politika horiekin aberatsak are gehiago aberasten zirela, eta enpresa ertain eta txikiei kalte egiten zitzaiela.

Atzerri politikari dagokionez, Txinarekin eta AEBekin eduki beharreko harremanetan jarriko du fokua. Kishidari iruditzen zaio Pekinek bere «sistema autoritarioa» esportatu nahi duela.

Azkeneko hiru legegintzaldietan LDP egon da gobernuan. Abe izan zen lehen ministroa 2012tik 2020ra, baina kargua utzi zuen, osasun arazoengatik. Sugak hartu zuen haren lekukoa, baina handik urtebetera dimisioa eman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.