Australia

Australiak Daintreeko oihana itzuli die aborigenei

Akordioaren arabera, aborigenek Queenslandeko agintariekin batera gobernatuko dute 160.108 hektareako natur parkea, baina jatorrizko biztanleek esan dute euren azken helburua dela eurek bakarrik kudeatzea.

160.108 hektarea ditu Daintreeko natur parkeak, eta 3.000 landare espezie baino gehiago. DILIFF
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 29a
20:28
Entzun

Gaur Bloomfielden eginiko zeremonia batean, Australiako agintariek Ekialdeko Kuku Yalanji herriari itzuli diote Daintree oihan tropikala. 160.108 hektareako natur parkeko zaindari ofizial bihurtu dira aborigenok, eta Queensland estatuko gobernuarekin batera kudeatuko dute gunea.

Unescok Munduaren Ondasun izendatuta du oihana, eta aborigenen bizileku izan da mendeetan, lehen europarrak uhartera heldu baino asko lehenagotik. Basoz, mendiz, ur jauziz eta hondartzaz beterik dago Daintree, eta Australiako ipar-ekialdeko kostako Koral Hesi Handiarekin egiten du muga.

Daintreez gain, aborigenek Ngalba Bulal deitzen duten Cedar Bay, Kalkajaka edo Black Mountain, eta Hope uharteak ere sartu dira aborigenen eta Australiako Gobernuaren arteko itunean.

Jabetza itzulita, Australiako Estatuak adierazi du aborigenak «munduko kultura bizirik zaharrenetako bat» direla, eta onartu die euren herrialdearen jabe izateko eskubidea, «hura kudeatzeko, euren kultura babesteko, eta hura bisitariekin partekatzeko, turismoaren industrian lider bihurtu ahala», Meaghan Scanlon Ingurumen ministroak adierazi duenez.

1988. urtean izendatu zuen Unescok Munduko Osasun Daintree eskualdea. Erakundeak nabarmendu zuen ingurunearen bioaniztasunaren aberastasuna eta originaltasuna. 3.000 landare espezie baino gehiago bizi dira han, eta 588 animalia espezie.

Ekialdeko Kuku Yalanji herriaren ordezkariek adierazi dute euren helburua gunea eurek bakarrik kudeatzea izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.