Urkulluk espero du asteartean larrialdi egoera amaitutzat ematea

Pandemiaren bilakaera «positiboa bada», datorren astearteko Labiren bileran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako larrialdi egoera desaktibatuko dela aurreratu du.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, gaur. DAVID AGUILAR / EFE
joxerra senar
2021eko urriaren 1a
10:58
Entzun

Pandemia ez da bukatu, baina iragan astean iragarri zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, «helmuga gertu» eta transmisioa apalduta, «beste garai batean» sartuko dela. Orain, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bide beretik jarraitzeko asmoa aurreratu du. Datorren asteartean da biltzekoa Labi, eta bilakaera epidemiologikoa «positiboa bada», larrialdi egoera amaitutzat ematea espero du.

Lehendakariaren esanetan, larrialdi egoera bukatutzat emanez gero indargabetu eginen lirateke COVID-19ari kontra egiteko ezarriak diren neurri gehienak; hala nola edukieren, ordutegien eta pertsonen arteko bilkuren gaineko mugak.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EAJko legebiltzarkide Luis Javier Telleriak azken asteetan COVID-19ak izandako bilakaeraz galdetzean eman du erantzun hori. Urkulluk zehaztu du atzo bertan bildu zela Labiren batzorde zientifiko teknikoa, eta astelehenean bertan bilduko dela berriz. Bertan, haren hitzetan, batzordeak «adierazi zuen gizarte jarduera ahalik eta arruntena berreskuratzeko trantsizio etapa betetzen ari dela».

Urkulluren arabera, astelehenean eta asteartean zehaztuko da ea egoera finkatzeko «beste urratsen bat» egin ahal den, baina asmoa zein den aurreratu du jada: «Ezarri genituen helburuak betetzen ari gara. Pandemiaren bilakaera egunero aztertzen jarraituko dugu, eta nahia da osasun larrialdiaren amaiera ezartzen duen dekretua aurkeztu ahal izatea egunotan, bilakaerak horrela jarraitu ezkero».

«Beheranzko joera egonkorra»

Neurriak gaixotasunaren bilakaeran eta horrek osasun sisteman dituen ondorioetan oinarrituta hartzen dira, eta, Urkulluren arabera, azken bi hilabeteetan hamar aldiz jaitsi da intzidentzia: uztailean 100.000 biztanleko 873 positibo izatetik, 80 izatera pasatu da. «Datu horiekin, Euskadi, egoera pandemiko batetik, endemikotzat jo daitekeen beste batera pasatzen ari da». Ospitaleen gaineko presioa ere arindu egin da: abuztuaren 22an, ZIUetan 82 gaixo zeuden eri; orain, berriz, erdia. Txertaketari dagokionez, berriz, 12 urte gorakoen artean %90ek dute txertoa jarrita. Europarekin bat eginez, «beheranzko joera egonkorra eta jarraitua» dela nabarmendu du.

Baina ikusteko dago asteartean Labik zer neurri indargabetzen dituen. Adibidez, asteazkenean Osasun Sistemako Lurralde Kontseiluak kirol zelaietan kanpoaldean zaleen %100 itzultzea eta barrualdeetan %80 sartu ahal izatea proposatu zuen, baina Jaurlaritza abstenitu egin zen, horri buruz erabakitzeko eskumena zutela argudiatuta, eta astearteko Labiren esku utzita erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.