Nafarroako Gobernuak abuztuaren 31ra arte luzatuko du sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeekin duen hitzarmena

Soilik lehen hezkuntzako lehenengo mailako ikasleak nahastuta daude, eta Gimenok iragarri du 2026-2027ko ikasturterako sexu bereizketarik gabeko hezkuntza jasoko dutela denek.  

Ikasleak Miravalles-El redin ikastetxera sartzen, Zizur Txikian (Nafarroa). IÑIGO URIZ /FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 1a
13:32
Entzun

Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei neurriak hartzeko epea luzatuko die Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen ere, abuztuaren 31ra arte luzatuko dutela iragarri du Carlos Gimenok, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Haren arabera, helburua «mailaka» lortuko dute. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan neskek eta mutilek elkarrekin ikasten dute dagoeneko. Hala ere, sexuaren arabera bereizita jarraitzen dute bigarren mailatik seigarren mailara arte. Beraz, maila horietan bestelako hitzarmena egingo dute. Hau da, nahiz eta abuztuaren 31rako neurriak ez bete, datorren urtean hirugarren eta seigarren maila bitarteko ikasleei diru laguntza bermatuko zaie; eta horrela urtez urte. Beraz, iragarri du 2026-2027ko ikasturterako sexu bereizketarik gabeko hezkuntza jasoko dutela.

LOMLOE hezkuntza legearen arabera, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolek ezin dute diru publikorik jaso. Nafarroan lau zentro daude sexuka banaturik hezkuntza ematen dutenak: Miravalles-El Redin Iruñean eta Zizur Txikian, Irabia-Izaga Iruñean eta Cordovillan. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan haurrak nahastu dituzte, baina gainerako mailetan bereizirik jarraitzen dute. Sexu bereizketarik ez duten mailetan LOMLOE ezarriko da, baina gainerakoetan bestelako hitzarmen bat eramango dute aurrera. Kontseilariak iragarri duenez, «LOMLOE legeak ezartzen du amaiera progresiboki egin behar dela».

Kolpe batez hitzarmena amaitzeak ikasleengan eragin ditzakeen kalteak azaldu ditu: «Laurehun bizikidetza unitate kaltetuak izango dira; ikasleek desoreka emozionala eta moldatzeko arazoak izan ditzakete, besteak beste».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.