Musika

Kantuen esentziaren bila

Bixente Martinezek bere bakarkako lehen diskoa plazaratu du: Txoria buruan eta ibili munduan. Oskorriren hamalau abesti moldatu ditu hainbat gitarra motarekin eta efekturekin jolas eginez.

Bixente Martinez musikaria, bere lan berria esku artean duela, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko urriaren 1a
17:01
Entzun

Musikari ibilbide luzea du Bixente Martinezek. Oskorri, Hiru Truku eta Igelaren Banda taldeetan aritu da urteotan, besteak beste, baina bakarkako lanik ez zuen orain artean sekula plazaratu. Txoria buruan eta ibili munduan diskoa du estreinakoa. Oskorriren hamalau kantu moldatu ditu, hainbat gitarrarekin eta soinu efekturekin jolas eginez, eta Elkar diskoetxearekin eman du argitara. Zuzenekoetan aurkeztuko du orain diskoa, eta etzi emango du lehen kontzertua, Getxoko (Bizkaia) Muxekebarri zentroan.

Martinez 1970eko hamarkadatik gaurdaino oholtzetan dabilen eskarmentu handiko musikaria dela adierazi du Andres Camio Elkar diskoetxeko ordezkariak, eta haren ibilbidea ekarri du gogora. Orain dela bost hamarkada Oskorri taldearen sortzaileetako bat izan zen Natxo de Feliperekin eta Anton Latxarekin batera, besteak beste; Hiru Truku heldu zen gero, Joseba Tapiarekin eta Ruper Ordorikarekin hirukotea osatuta; eta Igelaren Banda sortu zuen ondoren, Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleagarekin. Folkaren bidetik jardun zuen lehen biekin, eta doinu tradizionalak jazzera eraman zituen azkenarekin. Orain, Oskorriren errepertorioa hartu du oinarri bere bakarkako lehen diskorako. Camio: «Disko instrumentala da, eta lan bat egin du Bixentek doinu horiek nolabait biluzteko, kantu horien esentziaren bila joan, eta hortik aurrera moldaketa berriak egiteko».

Diskoak iazko «konfinamendu gogorrean» duela hazia azaldu du Martinezek, egun haietako «ezinegona» gogoan. «Egun batetik bestera, etxean sartu gintuzten; ezin inora joan, ezin inorekin elkartu...». Egoera hartan, «burua eta eskuak okupatuta» eduki behar zituela pentsatu zuen. «Han, bazter batean, beti bezala, nire gitarra zegoen; begiratu nion, eta pentsatu nuen ea zergatik ez egoera aprobetxatu saiakera bat egiteko nik neuk bakarrik neure gitarrarekin zerbait egiteko».

Bere «ohiko esparruan, alegia, hemengo musikan» hasi zen arakatzen, hainbat kanturekin «jolasten», moldaketak probatzen. «Orduan ikusi nuen Oskorriren kantuak, nire oso barruan daudenak, oso egokiak zirela nik buruan neukana egiteko; kantu batzuk hartu, haien esentziara joan, eta beste begirada bat ematea». Izan ere, ez zen gauza bera abestiok gitarra soil batekin edo musikari talde handiago batekin ematea. «Begirada ezberdina izan behar zen, baina, hala ere, nire ustez Oskorriren kantu haiek bide polita ematen zuten».

Behin jolasean hasita, gitarrarekin pista bat baino gehiago grabatzea eta denak biltzea pasatu zitzaion burutik, «beteago, osatuago» geratuko zelakoan. Baina aukera hori baztertu egin zuen, zenbait arazo ere bazituelako horrek —tartean, hori gero zuzenekoetara nola eraman erabakitzea—. Hala, abesti bakoitza gitarra bakarrarekin emateko moduan osatu zuen, baita halaxe grabatu ere. Ez da, ordea, gitarra mota bakar batekin aritu: akustikoa, elektrikoa, eta pedal eta efektu desberdinak baliatu ditu.

Behin kantuak borobilduta zituenean, «maketatxo bat» prestatu, ingurukoei aurkeztu, haiek gustuko izan, eta grabazio serioago bat egitera animatu zen. Joan den udaberrian, artean udalerritik ateratzeko debekua indarrean zela, Zarautzen (Gipuzkoa) duen estudioan egin zuen grabazio hori Martinezek. «Ondoren, horrekin joan nintzaion nire aspaldiko lagun eta abenturakide Jean Phocasi, eta berak oso ondo hartu zuen ideia». Hark egin zituen nahasketak, eta ondoren, Elkarreko kideengana jo zuen musikariak. Diskoetxearen estudioan, Victor Sanchezekin egin zuten masterizazioa. Eta CD zein LP formatuetan plazaratu dute orain albuma, Esther Galarza zeramistaren azalarekin eta Irune Izquierdoren diseinuarekin.

Musikari bat, bi dantzari

Oskorriren errepertorio zabaleko hamalau kantu hautatu, eta beste begirada batez eraman ditu, beraz, Martinezek diskora. Askotariko piezak daude, besteak beste, Aita semeak, Txalopin txalo, Gu gaituzu Oskorri eta Axuri beltza. Horiek zuzenean aurkeztuko ditu orain musikariak, noiz eta Oskorrik, lehen formazioarekin, aurreneko kontzertua eman zuenetik 50 urte bete direnean —1971ko martxoan izan zen, Bilbon, Deustuko unibertsitatean—. Baita taldeak bere 25. urtemugan Getxon (Bizkaia) eginiko emanaldi gogoangarriaren urteurrenean ere —25 kantu urte (Elkar, 1997) disko bikoitzean jaso zutena—.

Hain zuzen ere, Getxon egingo du Martinezek disko berria aurkezteko lehen kontzertua, etzi. Bera izango da musikari bakarra oholtza gainean, baina ez da bakarrik egongo; Leire Romero eta Aimar Odriozola Haatik konpainiako dantzariak izango ditu lagun emanaldietan.

Hurrengo kontzertuak
Etzi. Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri zentroan, 19:00etan.
Urriaren 15ean. Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.