Dolors Sabater

«U-1aren harrotasunak zertarako balio digu, ezin badugu gauzatu?»

CUPeko talde parlamentarioko burua elkarrizketatu du Vilawebek; agintaldi honetan erreferendum bat egiteko eskaria jarri du alderdiak mahaiaren gainean.

jarraia203988.jpg
Odei A.-Etxerarte
2021eko urriaren 1a
17:21
Entzun

«Urriaren 1ak ezin du balazta bat izan, aurrera egiteko motor bat izan behar du». Legegintzaldi honetan erreferendum bat egiteko proposamena egin du CUPek Kataluniako Parlamentuan, eta eztabaida politikoa astindu du. CUP-NCG talde parlamentarioko presidente da Dolors Sabater (1960, Badalona, Herrialde Katalanak), ERC zein Junts per Catalunyarekin akordio ezinezko bat eztabaidatzeko bileraren ostean. ERCk eta JxCatek nahi zuten bezala, parlamentuak onartu zuen hitzartutako erreferendum batek soilik ordezkatu ahalko zuela U-1ekoa, eta antikapitalistek erraztu egin zuten erabaki hori, abstentziora jota. Baina CUPek uste du independentzia gauzatzeko beste erreferendum bat egiteko konpromisoari eutsi behar diola independentismoak. «Erronka konkretu bat jarri behar da agenda politikoaren zerumugan. Ez bada hala, sine die da». Iruditzen zaio ERC eta JxCat «autonomismoak herrestan» eraman dituela.

Zergatik beste aldebakarreko erreferendum bat, dagoeneko U-1ean egin bazen?

Gure testuak erreferendum bati buruz hitz egiten du, ez du zehazten hitzartua edo aldebakarrekoa izan behar duen. Batez ere, presa sartzeko da. Ez dugu uste negoziazio mahaiak hitzartutako erreferendum bat ekarriko duenik, baina posible balitz, azkar behar luke. Nola ez dugun sinisten, errepublika katalana gauzatzeko bidean zerbait gertatu beharko da. Orain U-1a eta aldarrikapena ditugu, baina ez gara independenteak. Kataluniako gizartean babes zabala du erreferendumak. Ez da CUPen proposamen bat.

Orain [Espainiako] estatuarekin lortutako hori ez da gatazka politikoa konpontzeko negoziazio mahai bat. Nabarmena da gatazka politiko bat konpontzeko bi alderen artean errepresioak gelditu egin behar duela. Ez dugu akordioa puskatu ERCrekin, baina horrek ez du esan nahi erreferenduma legegintzaldi honetan egiteko zerumuga baztertu dugunik.

Baina erreferenduma egiteko baldintza objektiboak ez dira U-1eko berak edo orduan baino okerragoak?

Huts egin zuenari buruzko ikaspen handiak ditugu. Inbestidura akordioan hor da legegintzaldi honetan oldarraldi demokratibo bat egitearena. Ez da horren arraroa proposamen hau.

Akordioan ez zen zehazten. Esaten zuen oldarraldi horrek «erreferendumaren bideari lehentasuna» eman behar ziola.

Eta independentismoaren gehiengoak erabakitakoaren araberakoa izan behar zuela. Presionatzen ari gara, oldarraldi demokratiko hori gauzatu dadin. Baldintzak izateko, ahalegindu egin behar dugu. Herri katalanak U-1ean egin zuena ikaragarria izan zen. Juntsek esaten duenean U-1eko agindua dugula, esaten diegu: zertan zehazten da agindu hori? Non da proposamena? Ezin dugu aparkatu estatuak baimena emango digula erabaki arte. Baldintzak sortzeko mugarriak behar ditugu, eta horiek lortzeko lan egin.

Esan nahi duzu mobilizazioek mobilizazio gehiago ekarriko dituztela, baldintzak sor daitezen?

Hain zuzen ere. Baldintzak ez zaizkigu zerutik eroriko, aktibatu egin behar dugu. Guk bi helburu ditugu. Bat askapen nazionala da, baina bestea da ezkerrera biratzea, eskubide sozialak errealak izan daitezen —etxebizitza eskubidea, aberastasuna banatzea, energia eskubidea...—. Eta hori guztia ez da posible marko autonomikoaren barruan. Presazkoa da, trantsizio ekologikoaren gakoetan oinarritutako aldaketa ekonomikorako, krisi klimatikoaren presagatik eta COVIDak okertu dituen krisi ekonomiko eta sozialagatik. Zenbat eta azkarrago moztu marko autonomikoa, hobeto. Legegintzaldi honetan izan behar du. Gainera, Eskoziako aukera ere hor dago.

Agendak sinkronizatzeaz ari zarete, baina Eskoziako egoera oso diferentea da.

Asmoa da Eskoziako deialdia aprobetxatzea, gure deialdia behartzeko, Europako agendan sartzeko estaturik gabeko europar herrien autodeterminazio eskubidea. Herrialde Katalanak ez gaude bakarrik. Agian, estaturik gabeko herri gehiago ere animatuko lirateke data hori baliatzera, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu, edo erreferendum bat egin, edo autoantolatzen hasteko. Noski, ez gaude Eskoziako egoera berean. Britainiako kultura demokratikoa ez da Espainiako Estatukoa. Estatua edo Europa mugitzea nahi badugu, eraso bat aurkeztu behar dugu. U-1eko harrotasunak zertarako balio digu, ezin badugu gauzatu? Zertarako balio digu U-1ean egin genuen hark guztiak?

Ez dakigu 2023tik aurrera zeinek aginduko duen Espainiako Estatuan. Aldebakarreko erreferendum bat balego, bortizkeria errepikatuko litzateke beharbada, eta antolatzeko zailtasun gehiago leudeke.

U-1ean ez zen kontuan hartu [Espainiako] estatuaren demofobia, eta ez zen prestatu errepresioaren agertokia, eta ezta ekintza ez bortitzaren bidez lurraldea eta erreferenduma defendatzea ere. Egin beharreko urratsak zeintzuk diren argitzeko eta estrategia bateratu bat marraztu behar da. Ikusten dugu Juntsek eta ERCk ez dutela agendan oldarraldi presazko bat. Estatuari egiten uztearen eta denbora pasatzen uztearen sentipen bat dago, eta hori ezin dugu onartu. Beti esan duguna da independentismoaren esparrua aktibatu behar dugula estrategia bateratu bat diseinatzeko eta indartzeko, eman beharreko pausoak zein diren argi edukitzeko, hurrengo erasoari eusteko gaitasuna izan dezagun. Erakundeetan batasuna indartsua denean, horien dibertsitate osoarekin, beti egin izan dira herrialdearen agenda mugiarazi duten proposamenak. Aurrekoan Vicent Partalek [Vilawebeko zuzendariak] aitortu zuen artikulu batean ez ginatekeela urriaren 1era edo urriaren 3ra iritsiko CUPek egutegian data bat zehaztu ez balu. Ikusten ari gara orain berriro motorrarena egin behar dela, ernarazi, independentismoaren gehiengoa autonomismoak arrastaka eraman ez dezan eta estatuaren erritmora ibili ez dadin. Adierazle arriskutsuak dauzkagu. Esaterako, Puignero presidenteordeak nolako azkartasunez erosi nahi izan dituen [Espainiako] Sustapen Ministerioak [El Prat] aireporturako egin dituen proposamenak, 78ko erregimenaren bermeekin. Edo agenda politikoan dauden makroazpiegitura horiek guztiak, estatuaren oligarkien interesei erantzuten dietenak argiki, herrialdeak lurralde orekan dituen beharrei erantzun gabe, ezta gizarte eskubideei eta ekonomiaren, zergen eta lurralde antolaketaren alorrean defendatzeko behar dugun subiranotasunari ere. Esparru independentistarn dugun gutxiengotik, alderdi handiak autonomismora hurbiltzen ari direla ikusten dugu, estatuaren erritmoari jarraitzearekin konformatu dira. Guk ezetz diogu. Agendan proposamen bat jarri behar dugu berriz, aktibatuko gaituena, protagonismoa gurea izan dadin.

Pere Aragonesek aurpegiratu zizuen ebazpena ERCrekin eta Juntsekin ez negoziatu izana. Harritu egin die.

Harritzekoa da harritu izana, inbestidura akordioan jada jaso genuen eta. Egia da ez genuela zehaztu oldarraldi demokratiko berriak erreferendum bat izan behar zuen ala ez, baina ERCren eta Juntsen artean akordioa erreferendum adostu baten aldekoa denez, gutxienez izan dadila legealdi honetan. Presa eta presioa eragin ditzagun. Ez da hain arraroa, daukagun egoera ikusita, denbora pasatzen ezin dugula utzi esatea. ERCk eta Juntsek ere ez dituzte partekatu aurkeztu dituzten ebazpen proposamenak. Talde guztiek bezala egin dugu. Ebazpen proposamenak nork bere kabuz aurkeztu ditu. Parlamentuaren eta gobernuaren agendak baldintzatuko ez dituzten esparruak egotea eskatzen dugu. Ezinbestekoa da seiko esparrua aktibatzea, alderdi politikoekin eta gizarte zibilarekin, baita autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko akordio nazionala aktibatzea ere. Egin dugun proposamena, eta onartu ez dena, ohartarazpen bat da. Zerbait behar dugu urriaren 1aren eta independentzia gauzatzearen artean.

ERCk dio: «Gehiago izan behar gara».

Nola animatuko duzu jendea autodeterminatzera ezin dugula autodeterminatu esaten ari bazara? Irailaren 30ean eskolak defendatzera joan zen jendetza edo urriaren 3an esparru subiranista osoaren babesa lortu zuten herrialde itxiera eta manifestazio jendetsuak egoera konkretu bat zegoelako aktibatu ziren. Bozkatu nahi genuen, bozkatu genuen, baina erreprimitu eta jipoitu egin gintuzten. Erreferenduma indargabetu zuten legearen ikuspuntutik, basakeriak baldintzatu zuenez, zalantzak eragiten zizkielako nazioarteko agintariei. Gehiago izateko bidea aktibatzen da epe motzerako helburu bat baldin bada.

Erreferenduma nahitaezko baldintza izango da gobernuaren aurrekontuak onartu ditzazuen?

Ez gaude egoera horretan. Beti esan dugu aurrekontuak bere osotasunean aztertzen ditugula. Oraindik ez gara horiek aztertzen hasi, eta ez dakigu zer egingo dugun. Baina negoziatzera esertzeko, ziur egon behar dugu inbestidurarako egin genituen akordioak bete egingo direla. Guk gure zatia beteko dugu, eta beraiek bete egin behar dute eurena. Egin dituzten keinuek mesfidantza handia piztu digute. Ekonomikoki jasangarria den herrialde eredu bat babesten dugu, ikuspuntu ekosozial batean oinarritutako industria eraldaketa batekin konprometituta; energia berriztagarriek, ezinbestekoak izanik, ez ditzatela nekazaritzarako lurrak alferrik galdu eta ez daitezela erabili lau makroenpresari irabaziak emateko bakarrik, tokiko ekonomiari onurarik itzuli gabe. Eta gobernuak justu kontrakoa egiten du: Olinpiar Jokoak babesten dituzte, Pirinioetan turismoaren monolaborantza errepikatu ezin daitekeen zama bat denean; aireportuaren handitzea; Montmeloko zirkuituaren makroazpiegitura, edo Barcelona World. Ekonomia suspertzeko eredua guztiz aldenduta dago akordioan adostu genuenetik. Aurrekontuak aztertuko ditugu inbestidura akordioa aintzat hartuta. Erreferendumak aurrekontuak baldintzatzeko aukera ez da mahaigaineratu.

Aukera ireki bat da?

Une honetan dena dago irekita.

Erreferendumari buruzko ebazpenaren tramitazioak ondorio penalak izan ditzake parlamentuko mahaiko kide independentistentzat.

ERCren eta CUPen arteko akordioan, eta ERCren eta Juntsen artekoan, gakoa da parlamentuaren subiranotasunaren defentsa. Konfrontazio agintaldi baterako akordioa egin genuen. Hiru indar independentistak bat gatoz parlamentuaren subiranotasunaren defentsan eta badakigu hori etengabekoa izango dela. Ez soilik gai nazionaletan, baita sozialetan ere. Batzuetan etxebizitza lege bat defendatzeko izango da edo askotariko arrazoiengatik autonomismoaren josturak behartuko ditugu. Legealdi autonomiko batean gaude, autonomikoa izateari uzteko lanean, eta autonomismoak eta 78 erregimenak ezartzen dituzten mugak agerikoak egiteko lanean. Gaur horregatik izango da, eta bihar beste zerbaitengatik. Eta guztiok babestu behar ditugu errepresaliatuak izan daitezkeen horiek. Garrantzitsua da agerikoa egitea. Parlamentuaren subiranotasunaren gaineko mehatxu etengabe bat daukagu eta ezin dugu normalizazio dinamika batean, onarpenean, sartu. Hori gertatzen ari da eta ondorioak dauzka. Horrelako proposamenek aurrez aurre jartzen dituzte parlamentuaren subiranotasuna eta estatuaren errepresioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.