Katalunia

Erreferenduma «ezinbesteko» irtenbidea izango dela nabarmendu du Aragonesek, U-1aren urteurrenean

Independentismoak 2017ko erreferendumaren garaiko «izpiritua» berreskuratzearen alde mintzatu da. Puigdemontek immunitatea berrezartzeko eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari.

Pere Aragones Kataluniako presidentea (erdian) eta haren gobernuko kontseilariak, gaur, Bartzelonan, urriaren 1eko erreferendumaren urteurreneko ekitaldi instituzionalean. QUIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 1a
18:07
Entzun

Kataluniako Gobernuak ekitaldi instituzionala egin du gaur, Bartzelonan, 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren laugarren urteurrenean. Alderdi independentistek elkarren artean dituzten desadostasun estrategikoak agerian utzi dituzte aste honetan, eta, eztabaidaren ostean, batasunerako deia egin du berriz ere Pere Aragones Generalitateko presidenteak. «Urriareneko 1eko izpiritua» berreskuratzera deitu du. Horrez gain, ziurtatu du amnistia eta erreferenduma «ezinbesteko» erantzuna izango direla Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa gainditzeko.

Orain lau urteko erreferenduma «itzulirik gabeko puntua» izan zen Kataluniako gizartearentzat, Aragonesen esanetan. «Kataluniako herriak bere etorkizuna demokraziari lotu zion eguna izan zen». Eta presidenteak ziurtzat jo du kataluniarrek berriro bozkatuko dutela. «Orain urriaren bateko izpiritua berreskuratzea dagokigu. Alderdien erakunde sozialen eta herritarren adostasunari esker lortuko dugu».

Hala, aste honetan Kataluniako politika orokorreko eztabaidan alderdi independentisten artean ageriko egin diren desadostasunei zeharkako erreferentzia eginez, batasuna eskatu du, «elkarrekin lan» egiteko. «Gobenu honek urraren 1aren ondorengo izendatzen du bere burua, eta independentziarako bidean jarraitzera konprometitzen da, Espainiako Gobernuarekin negoziazioa behartuta».

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratuak ere urriaren 1aren urteurrena izan du hizpide. Bideo batean zabaldu zuen bere mezua atzo gauean, Errepublikaren Aldeko Kontseiluko presidente gisa. Puigdemonten iritziz, Kataluniako gizarteak Espainiako Estatua garaitu zuen 2017ko erreferendumean, «beldurra», «amorrua» eta «zatiketa» gainditu zituelako.

Espainiako Estatua «erreferenduma eta haren ondorio politikoak» ezerezean uzten saiatu da azken lau urteotan, Puigdemonten esanetan. Azaldu duenez, Espainiaren jokabide horri erantzuteko sortu zuten Errepublikaren Aldeko Kontseilua. «Azken lau urte hauek erakutsi dute badela bidea, bidea egiten jarraitu dugula eta badirela gure esku dauden garaipenak».

Immunitatea berrezartzeko eskaria

Puigdemontek eurodiputatu gisa dagokion immunitatea berriz indarrean jartzeko eskatu dio gaur Europako Justizia Auzitegiari, kautelazko neurri gisa. Luxenburgoko auzitegiak immunitatea eten zion uztailaren 30ean, Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontrako euroaginduari lotutako arazo aurrejudizialari buruz ebatzi artean, atxilotua izateko arriskurik ez zuela argudiatuta.

Aldiz, Kataluniako presidente ohia atxilotu egin zuten, joan den ostegunean, Sandiniako l'Alguero hirian, Espainiako Auzitegi Gorenaren euroaginduari jarraiki. Europako Justizia Auzitegiak atxilotze agindua etenda zegoela baieztatu zuen uztaileko autoan, Espainiak —Estatu Abokatutzaren bitartez— hala adierazi ziolako, baina euroaginduak indarrean jarraitzen duela ohartarazi zuen Auzitegi Gorenak joan den ostiralean, eta gauza bera berretsi zuen atzo.

Atxilotua izateko arriskua frogatuta, immunitatea berriz ezartzeko eskatu dio Puigdemontek Luxenburgoko auzitegiari, hark euroaginduaren arazo aurrejudizialari buruz ebatzi bitartean. Auzitegiak eskari horren gaineko iritzia emateko epe bat eskaini beharko die Espainiari eta Europako Parlamentuari.

Puigdemontek Sardinian deklaratuko du datorren astelehenean, Sassari hiriko Helegite Auzitegian. Joan den ostiralean eraman zuten epailearen aurrera auzitegi horretan, Italiako Poliziak atxilotu hurrengo egunean. Epaileak aske utzi zuen, baina urriaren 4rako deitu zuen deklaratzera. Sassariko auzitegiak euroaginduaren prozedurarekin jarraitu ala ez erabaki behar du.

Kataluniako hainbat hedabidek adierazi dutenez, Pablo Llarena magistratu espainiarrak Puigdemonten kontrako lehen euroagindua igorri zuenetik, hainbat herrialdek jakinarazi diote Espainiari ez zutela atxilotze agindu hori gauzatuko. Herrialde horien artean dira Alemania, Austria, Belgika, Suitza, Finlandia, Frantzia eta Lituania. Iturri horien arabera, estatu horien ezetza frogatzen dute Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemonten kontra irekia duen auzian presidente ohiaren egoera pertsonalari buruz pilatutako dokumentazioak. Bertan jasota daude herrialde horietako polizia indarrek euroagindua ez dutela gauzatuko jakinarazteko Espainiari helarazitako mezuak.

Puigdemonten defentsak hainbatetan eskatu du informazio horrekiko sarbidea, baina ez diote erraztu gaur arte. Defentsak eskatuak ditu baita ere auziarekin lotutako komunikazio judizial eta polizial guztiak, Europako Justizia Auzitegiak behin-behinean immunitatea berrezarri zionetik l'Alguerren atxilotu zuten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.