Lau eta erdiko txapelketa

Elordik ezustekoa eman du, eta Artola kanporatu du

Mallabiarrak 16-22 irabazi zuen bere jaioterrian, 150 ikusleren aurrean, eta besteak beste Altunarekin eta Bengoetxearekin jokatuko du ligaxka. Lau hilabete jokatu gabe egon ostean, erritmo falta nabaritu zuen Artolak, eta 0-7 hasi zen galtzen.

Elordi garaipena ospatzen, partida amaieran. EITB
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 2a
12:01
Entzun

Aitor Elordik ezusteko garaipena lortu zuen atzo bere jaioterrian, Mallabian (Bizkaia), 150 zaleren aurrean, eta Iñaki Artola kanporatu zuen lau eta erdiko txapelketatik. 16-22 irabazi zuen bizkaitarrak, eta hurrengo fasean Altuna III.arekin, Bengoetxea VI.arekin eta Danel Elezkano edo Peio Etxeberriarekin jokatuko du ligaxka (astelehenean jokatuko dute bi horiek elkarren aurka).

Lau hilabete jokatu gabe egon ostean, erritmo falta hori nabaritu egin zuen Artolak. Soilik bi partida jokatu ditu aurretik, binaka, eta BERRIAri egindako adierazpenetan gustura agertu bazen ere, atzo kosta egin zitzaion partida hastea. 0-7 hasi zen galtzen gipuzkoarra.

Gero hobeto jokatu bazuen ere, ez zuen asmatu bere jokoa markagailura eramaten. 15 tanto egin zituen Elordik jokoan, eta zortzi Artolak. Elordik sakez lau tanto lortu zituen, eta Artolaren errestoen osteko erremateekin, beste zortzi.

Artolak berak partida ostean aitortu zuen pena zuela galtzeagatik, hain txapelketa garrantzitsuan galdu ere: "Baina ez dago ezer egiterik. Aitor zoriondu behar da, eta nik beste helburu batzuk jarri behar ditut. Eta entrenatzen jarraitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.