Osasungintza

Onkologikoko langileek protesta egin dute, osasun zentroa «bizirik» nahi dutela aldarrikatzeko

Minbizia artatzeko «zentro monografiko gisara» funtzionatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute, eta langileen «lan etorkizuna» bermatzeko eskatu dute

arantxa iraola
2021eko urriaren 2a
13:36
Entzun

Anoetako futbol zelai pareko zabalgunetik abiatu, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Donostiako ordezkaritzarako bidea egin dute gaur Onkologikoko langileek eta haiei babesa ematera joandako hainbat herritarrek. Minbiziaren inguruan jarduera guztia ardazten zuen osasun zentroa zirela gogorarazi dute, eta berreskuratu egin nahi dutela izaera «monografiko» hori.

Zentroko hainbat jarduera bertan behera utzita daudela ere salatu dute, eta bermatu nahi dutela zentroa «bizirik» egotea, eta langileek «lan etorkizun» bat izatea bertan. 250 bat langile dira, eta aspaldi ari da langile batzordea zentroaren egoeraren gainean ohartarazten. Gaur ere berritu dute kezka. Gertatzen ari dena azaltzeko hainbat adibide jarri dituzte: «Endoskopien bi gelak, adibidez, kendu ziren eta Onkologikoko Bularreko Unitatea badirudi desegin egin nahi dutela».

Protestan, Osakidetzan zentroa integratzeko prozesua osorik burutzea nahi dutela ere esan dute, eta zentroko langile denak Osakidetzako «lan kontratudun langiletzat» hartzeko eragozpenik ez izatea. Integrazioa «egiturazkoa, funtzionala eta organikoa» izatea nahi dute: osoa

Langile batzordearen izenean, Jon Galfarsorok hartu du hitza protesta hasi aurretik. Onkologikoaren «praktikoa klinikoa» guztiz «desegiten» ari dela adierazi du. Esan du lehen arta osoa ematen zietela eriei: «Gaixoaren diagnostikoa, proposamen terapeutikoa, tratamendua bera ere bai, kirurgia barne». Baina egun ez dira ari horrela: «Hori desegiten ari da». Bular Unitatea, esaterako, zentroaren jardun onaren «ikur bat» izan dela gogoratu du, eta desagertzen ari dela hori ere. Erietxeko ohe asko hutsik daudela azaldu du, eta ebakuntza geletako erabilera ere urria dela.

Lantaldeak ere puskatzen ari direla esan du, langileen «deslokalizazioa» dakarten sistemak ezartzen dizkietela lanerako: «Eta langile dezente sobratzen dira horren ondorioz. Horregatik, gure lan eremu propiotik atera behar izaten dugu». Hortik aldarria: «Gure ospitaleak jarraitu beharko luke zentro monografiko bat izaten». Osakidetzako integrazio prozesua taxuz egite aldera duten aldarri nagusia ere ekarri du gogora: «Osakidetzarekiko harreman juridiko-laboral bat izatea nahi dugu».

Gogora ekarri dute 2019an hasi zela Onkologikoa Osakidetzarekin lotzeko prozesua, eta zentroak bere historia luzean izan duen «bokazio publikoa» aldarrikatu dute. Hain justu, nabarmendu dute bertan artatutako pazienteen %85 baino gehiago osasun sare publikotik bideratu direla. 1933tik ari da osasun zentroa, baina lehen Kutxa Fundazioak zuen horren ardura guztia. Gogora ekarri dute Osakidetzak aurrez ere guztiz integratu izan dituela bereak ez ziren osasun zentroak, eta hori egiteko arazorik ez dagoela esan dute: «Borondate politikoa behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.