Hilberria

Gillermo Etxebarria Seaskako irakaslea zendu da

67 urte zituela zendu da, gaur goizean.

Gillermo Etxebarria, 2016an. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 2a
15:01
Entzun

Seaska sortu eta urte gutxira murgildu zen Iparraldeko ikastolen sarean barna Gillermo Etxebarria (Zaldibar, Bizkaia, 1954). Sortzez bizkaitarra zen, eta hogei bat urte zituela iritsi zen Lapurdira. Seaskan egin zuen ibilbide profesional guzia, ia berrogei urtez. 2016an hartu zuen erretreta: luzaz irakasle egon zen, eta azken zazpi urteetan Baionako Etxepare lizeoko zuzendari izan zen. Bizi osoan euskararen alde ariturik, gaur zendu da, 67 urterekin.

BERRIAk elkarrizketa egin zion 2016an, ibilbide profesionala bukatu berri zuela. Euskararen aldeko egitasmo anitzetan hartzen zuen parte, eta hizkuntzaren defentsan jardun zuen beti. Honela adierazi zuen, orduan: «Euskararen egoerak segitu du beheranzko bidea; desagertzeko bidea, oro har. Baina badira zenbait bide hori pixka bat trabatzen dutenak eta ez dutenak uzten beherantz joaten. Ikastolak, adibidez, AEK, irratiak… horrek guztiak pixka bat atxikitzen du. Funtsa da oraindik frantsesa dela hizkuntza bakarra Frantzian. Oso nekeza da. XXI. mendean gaude, eta horretan gara oraindik».

Seaska hazten ikusi zuen Etxebarriak. Ikasle oso gutxi ziren lanean hasi zenean, eta utzi zuenerako 3.500 ikasletik gora biltzen zituen Ipar Euskal Herriko ikastolen sareak. Herri Urratsen abiapuntuan ere izan zen. Gerora, Etxepare lizeoko ikasleei Hego Euskal Herriko unibertsitateetan euskaraz ikasteko ateak irekitzen eta bidea errazten aritu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.