Bertsolaritza

Eneko Fernandez eta Patxi Iriart finalerdietara Nafarroako txapelketan eta Xilaban

Eneko Fernandezek 347 puntu lortu ditu Izabako saioan, eta haren atzetik sailkatu da Endika Legarra (315,5). Patxi Iriarten ondoren (416,5) Aitor Servier (410,5) geratu da Hiriburun.

Eneko Fernandez Nafarroako txapelketako lehen final-laurdeneko irabazlea, Izaban kantari. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Andoni Imaz.
2021eko urriaren 2a
20:53
Entzun

Iazko geldialdiaren ondoren, bertso txapelketak martxan dira. Gaur, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdena izan da Izaban; herriak aurreneko aldiz hartu du txapelketako saio bat. Ehun bat lagun elkartu dira zinema aretoan. Eneko Fernandez izan da irabazlea, 347 punturekin. Xilaba Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako txapelketako hirugarren kanporaketa ere jokatu dute, Hiriburuko La Perle aretoan (Lapurdi). Han, Patxi Iriart nagusitu da, 416,5 punturekin. Hortaz, bi bertsolariak hurrengo fasera igaroko dira: finalaurrekoetara.

Izabako saioan, Endika Legarra geratu da bigarren (315,5), eta haren atzetik sailkatu dira Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5) bertsolariak. Alaitz Rekondo ibili da gai jartzaile.

Iriarteren atzetik, Aitor Servier izan da bigarrena Hiriburun (410,5). Honako bertsolari hauek izan dira hurrengoak sailkapenean: Kerman Diaz (399), Iker Altuna (382,5), Josu Txoperena (359,5) eta Pettan Prebende (319,5). Antton Lannes aritu da gai jartzaile.

Bizkaiko txapelketa, bihar

Bi txapelketetako hurrengo saioak datorren larunbatean izango dira. Nafarroako txapelketako bigarren final-laurdenean, Saioa Alkaiza, Urko Gartzia, Eneko Lazkoz, Alazne Untxalo eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak ariko dira kantuan Tafallako kultur etxean, 17:30ean. Xilabako laugarren eta azken kanporaketa saioa Gabadiko (Nafarroa Beherea) herriko gelan egingo dute, 17:00etan. Amets Arzallus, Odei Barroso, Maindi Murua, Maddi Sarasua, Johaine Sarraillet eta Egoitz Zelaia ariko dira han.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa bihar hasiko da, Durangon jokatuko duten kanporaketa faseko lehen saioarekin; San Agustin kulturgunean, 17:00etan. Kanporaketako beste saioetan bezala, sei bertsolari arituko dira kantuan: Ibon Ajuriagojeaskoa, Iruri Altzerreka, Beñat Bilbao, Ander Elortegi, Asier Galarza eta Inazio Vidal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.