Getafe 1-1 Reala

Realak ezin izan du lidergoa eskuratu

Real Madrilen porrotak lehen postua eskura utzi die txuri-urdinei, baina ezin izan diote Getaferi irabazi. Sandro eta Oiartzabal izan dira golegileak.

Oiartzabal, gaur, Realaren gol bakarra ospatzen. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 3a
21:02
Entzun

Garai honetan ezer gutxirako balioko zukeen, baina Espainiako Ligako lehen postua eskura izan zuen atzo Realak. Real Madrilek 2-1 galdu zuen Espanyolen zelaian, eta garaipena eskuratu balu liderra izango zen Reala. Gauzak, ordea, ez dizkio erraz jarri atzo arte punturik lortu gabe zen Getafek.

Futbol eta aukera gutxiko neurketa izan zen. Imanol Alguacilek azaldu moduan, «zelaia oso lehorra zegoen», eta, haren arabera, horrek ez zion nahi zuen jokoa egiten utzi Realari.

Gauzak hala, txuri-urdinen huts bat baliatu zuen Getafek atsedenaldira aurretik joateko. Aritzek baloi bat galdu zuen zelai erdian, eta Remiroren aurrean ez zuen hutsik egin Sandrok. Nork, eta Sandrok. Kanariarrak ez zuen maila ona eman Realeko jokalari izan zenean, baina iaz txuri-urdinei gola sartu zien Huescarekin, eta aurten, berriz, Getaferekin.

Bigarren zatian beste jarrera batekin zelairatu ziren Alguacilen mutilak, baita saria eskuratu ere. Atzo ere, beste behin, Oiartzabal izan zen golegilea. Gorosabelen erdiraketa bat ederki errematatu zuen eibartarrak.

Hortik amaierara arte, huts asko, aukera gutxi, eta polemika pare bat. Albisterik onena, Isaken itzulera. Sailkapenean hirugarrena da Reala 17 punturekin, puntu berak dituzten Atletico eta Real Madrilekin berdinduta.

Getafe: Soria; Damian (Iglesias, 84'), Djene, Cuenca, Olivera; Florentino, Maksimovic, Arambarri (Jonathan Silva, 75'); Aleñá (Poveda, 84'), Sandro (Macias, 88'), eta Mata (Unal, 75').

Reala: Remiro; Gorosabel (Zubeldia, 82'), Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendu, Merino, Portu (Januzaj, 82'), Navarro (Barrenetxea, 56'), Oiartzabal; eta Lobete (Isak, 56').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.