AEB-ak

AEBetako futbol ligako jardunaldia bertan behera utzi dute, sexu abusuen kasu batzuk azaleratu direlako

Jokalariek egin duten presioaren eraginez, ligako agintariak dimisioa eman du. Bi jokalari ohik elkarrizketa batean entrenatzaile bati buruz esandakoek sorrarazi dute afera.

Paul Riley, sexu abusuak egotzi dizkioten entrenatzaile ohia. @THENCCOURAGE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 4a
14:27
Entzun

Asteburu honetan ez da NWSL AEBetako Emakumezkoen Futbol Ligako neurketarik jokatu, jokalariek hala eskatuta. Lisa Baird ligako agintariak joan den ostiralean eman zuen dimisioa, erabakiaren berri eman eta ordu gutxira.

Iraganeko sexu abusuen kasu batzuek eragin dute hori: asteartean kaleratu zuten Richie Burke Washington Spirit taldeko entrenatzaile zena, eta ostegunean Paul Riley North Carolina Courage taldeko entrenatzailea. Burke ligak berak ikertu zuen, hainbat jokalarik abusu psikologikoa egiten ziela salatu ostean.

Rileyri, berriz, sexu jazarpena eta abusuak egozten dizkiote. Nazioartean FIFA arduratuko da hura ikertzeaz, ostiralean jakinarazi zuenez: «Halako jokabideak izan dituzten guztiek justiziaren aurrean erantzun behar dute; zigortu egin behar dira, eta futboletik kanporatu», adierazi zuen nazioarteko federazioak. AEBetan, berriz, gaur jakin da Sally Q. Yates fiskal federal ohiak ikertuko duela Riley.

The Athletic aldizkari digitalak Rileyren bi jokalari ohiri egindako elkarrizketa batek azaleratu ditu gertakariok; han, biek zioten entrenatzaileak sexu abusuak egin zituela. Egiari zor, ordea, jokalariek denbora zeramaten ligari presio egiten Riley kanporatzeko, baina orain arte oso eskasa izan zen Bairden erantzuna. Duela hilabete batzuk, adibidez, mezu elektroniko soil batekin erantzun zien jokalariek egindako kexei.

Jokalarien ordezkariek ostiralean adierazi zutenez, ostegunekoa «oso egun mingarria» izan zen eurentzat. Adierazi zuten jardunaldia bertan behera uzteko eskatu zutela «mina kudeatzeko tarte bat» izan zezaten, eta jasotako babesa eskertu zuten.

Gizonak defendatzen dituzten gizonak

Gertakarion harira, azken astean hainbat kasu azaleratu dira, eta argi geratu da sexu jazarpena eta abusuak ligaren parte izan direla 2012an sortu zenetik. Ligari berari ere kritika zaparrada jausi zaio. Megan Rapinoe AEBetako futbol izarrak, adibidez, Twitterren idatzi zuen ligak «denbora honetan guztian» ez duela behin ere «defendatu behar zuen pertsona defendatu»: «Gizonak emakumezkoei jazartzen zaizkien gizonak defendatzen», idatzi zuen Rapinoek. Ez da antzeko adierazpenak egin dituen izar bakarra izan.

Beste txio batean jarraitu zuen 2019ko Urrezko Baloiaren irabazleak: «Botere posizio batean egon eta gertatutakoak izorratu egin dituen horiek, kexak entzun eta ezer egin ez zuten horiek popatik hartzera joan daitezela».

Dimisioa eman eta gero, Bairdek gertatutakoan izan duen erantzukizuna aitortu zuen: «Aste hau, eta denboraldi honen zati handi bat, oso gogorrak izan dira jokalarientzat, eta horretan izan dudan erantzukizuna aitortzen dut. Sentitzen dut jende askori min egin izana», esan zuen agintari ohiak. Ligaren kultura aldatzeko lan egingo dutela hitzeman zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.