Erresuma Batua

Baliteke Erresuma Batuko hornidura faltak Gabonetara arte irautea

Londresek berrehun militar jarri ditu kamioilari lanak egiten. Boris Johnsonen esanetan, migrazioa erraztea ez da konponbide bat.

Johnson, Alderdi Kontserbadorea Manchesterren egiten ari den kongresuan, gau goizean. NEIL HALL / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 4a
17:05
Entzun

Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen kongresua abian da Manchesterren, eta bere agintaldiaren bigarren erdirako proposamenak aurkezteko erakusleiho gisa erabili nahi du hura Boris Johnson lehen ministroak. Begiradak, baina, beste nonbait daude, langile faltak herrialdeko horniduran eragindako kalteetan. Izatez, Johnsonek aitortu du arazoak Gabonetara arte iraun dezakeela, eta militarrak jarri ditu kamioilari lanak egiten. Halere, baztertu egin du atzerriko langileen sarrera erraztea: «Aurrera egiteko modua ez da kontrolatu gabeko migrazioaren palankatik tira egitea».

Gasolindegiek astebete baino gehiago daramate bezeroei behar beste erregai eman ezinda, kamioilari faltak eragindako hornidura eskasia dela medio. Rishi Sunak Ekonomia ministroaren esanetan, baina, arazoa nazioartekoa da, eta Londresek ezin du bere kabuz konpondu: «Ezin dugu hagaxka magiko bat astindu mundu mailako hornidura kateko arazoak desagertzeko».

Bestelakoa da Johnsonek azaldutakoa. BBC kateari eginiko elkarrizketa batean, lehen ministroak onartu du brexit-aren eta pandemiaren ondorio dela egungo egoera. Hark, baina, merkatuaren «doikuntza epe bat» dela nabarmendu du, pauso bat gehiago dela «eredu ekonomiko hautsi batetik» aldentzeko prozesuan: «Jendeak 2016an [brexit-ak zekarren] aldaketa babestu zuenean, eta 2019an Alderdi Kontserbadorearen alde egitean, soldata txikietan, kualifikazio apaleko lanpostuetan eta produktibitate txiki kroniko batean oinarritutako eredu bati amaiera emateko bozkatu zuen».

Izan ere, hori da erregai hornidura eten duten faktoreetako bat: langile falta. Brexit-aren ostean martxan jarritako araudi berriek eta pandemiak zaildu egin dute atzerriko langileen iritsiera, eta hainbat lanpostu betetzeko arazoak dituzte; garraioan soilik ez, abeltzaintzan, ostalaritzan eta eraikuntzan ere nabaritu dute arazoa. Horri erantzuteko, Londresek aldi baterako 5.000 bisa onartu ditu kamioilarientzat
—100.000 inguru beharko lirateke eskaerari erantzuteko—, eta beste 5.500 hegazti haztegietan lan egiteko prest daudenentzat.Izan ere, abeltzainek ehunka animalia sakrifikatu dituzte azken asteetan, hiltegietan nahikoa langile ez dagoelako.

Halere, lehen ministroak ez du bide horretatik jarraitu nahi. Izan ere, haren ustez, EB Europako Batasuneko ekialdeko herrialdeetako langileekiko izan duten dependentziaren ondorio da egoera: «Lan horiek soldata txikien truke egiteko prest zeuden, eta, horregatik, orain ez dira erakargarriak». Kontrara, soldata igoerak eskatu dizkie enpresariei, Erresuma Batuko langabeak erakartzeko.

Arrazoiak arrazoi, supermerkatuek hainbat produktu jasotzeko arazoak dituzte, eta gasolindegi ugarik ezin dute erregai hornidura bermatu. Galesen, Eskozian eta Ingalaterra iparraldean krisia amaitu da, «birtualki» bada ere, Petrolio Minoristen Elkartearen arabera. Egoera, ordea, bestelakoa da Ingalaterra hegoaldean. Eremu hartan eta Londresen banaketa lanak egiteari ekin diote berrehun militarrek. Escalin operazioaren parte da erabakia. 2020ko urtarrilaren 31ko deskonexioak eragin zezakeen hornidura faltari aurre egiteko prestatutako operazioa da.

Hornidura bermatzeko zailtasunak ez dira, baina, gobernuaren arazo bakarra. Azken urteetan defendatutakoaren aurka, zerga igoera bat iragarri du Johnsonek, hainbat alderdikideren haserrea eraginez. Manchesterreko kongresuko beste gai nagusietako bat da Ipar Irlandarako Protokoloa ere. Testu hartako 16. artikulua erabiltzeko eskatu diote Ipar Irlandarako ministro Brandon Lewisi. Hark aldebakarreko neurriak hartzea onartzen du, protokoloaren eraginez espero gabeko efektu negatibo bat agertzen bada. Lewisek, ordea, adierazi du aukera hori ez dagoela mahai gainean, eta Bruselarekin konponbide bat adosteko lanean ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.