Pfizerrekin txertaturikoek beste dosi bat hartzea gomendatu du EMAk

Bigarren dosia hartu eta sei hilabetera hartu beharko litzateke. Immunodeprimituei, berriz, txertaketa amaitu eta 28 egunera eman beharko litzaieke indartzeko dosia.

Pfizerren Comirnaty txertoa. ALESSANDRO DI MARCO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 4a
17:24
Entzun

Pfizer etxearen txertoa hartu duen herritar orori indartzeko dosia ematea komenigarria litzatekeela adierazi du gaur Sendagaien Europako Agentziak.

Gaur bildu da agentziaren Gizakientzako Botiken Batzordea, Pfizer/BioNTech konpainiek hirugarren dosiaren inguruan bidalitako datuak aztertzeko. Ondorioztatu dutenez, 18 urtetik gorakoei hirugarren txertoa jar dakieke bigarren dosia eman eta sei hilabeteren buruan. Konpainion datuen arabera, antigorputz kopurua handitu egiten da 18 eta 55 urte artekoei hirugarren dosia sei bat hilabetera ematen zaienean.

Agentziak nabarmendu du estatuetako osasun agintariek erabakiko dutela ofizialki hirugarren dosia gomendatu ala ez, txertatze kanpaina zein aurreratuta dagoen eta dosiak badauden ikusi ostean.

Bestalde, immunodeprimituei txertaketa amaitu eta 28 egunera eman beharko litzaieke indartzeko dosia, Pfizerren eta Modernaren kasuan.

Eta Moderna?

Agentzia aztertzen ari da Modernaren txertoa hartutakoek indartzeko dosi bat behar ote duten. Esan dutenez, oraindik ez dakite noiz aurkeztuko duten ondorioa.

Immunitate sistema ahulduta daukatenei dagokienez, agentziak adierazi du hirugarren dosiak «handitu egiten duela koronabirusaren aurkako antigorputzak sortzeko ahalmena organo transplante bat izan dutenengan». Edonola ere, agentziak aitortu du ez dagoela «froga zuzenik» esateko pertsona horietan antigorputz gehiago sortzeko ahalmena areagotzeak COVID-19 gaitzaren aurka babestuko dituenik. Halere, espero dute gaixoetako batzuk behintzat babestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.