Libiako gerra

Libian gizateriaren kontrako delituak egin dituzte 2016tik, NBEren arabera

Nazioarteko erakundeak gerrako alde guztiei egotzi die zibilen kontrako gerra krimenak egitea.

Mohamed Auajjar Libiarako Ikerketa Misioaren burua, gaurko aurkezpenean. SALVATORE DI NOLFI / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 4a
18:30
Entzun

Hilketak, torturak, epaiz kanpoko exekuzioak, bortxaketak, esklabotza eta gerra krimenak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, horiek dira 2016tik hona Libiako gerran alde guztiek egin dituzten gizateriaren kontrako krimenetako batzuk, batez ere Europara bidean zihoazen migratzaileen eta espetxeetan zeuden atxilotuen kontra.

Iragan udatik, NBEren talde batek milaka dokumentu aztertu, 150 lagun baino gehiago elkarrizketatu eta ikerketa lanak egin ditu Libian, Tunisian eta Italian, giza eskubideen ustezko urraketak zehazte aldera. Frogak bilduta, gaur aurkeztu zituen lan horien ondorioak: «Gure ikerketek finkatu dute gatazkako alde guztiek urratu dutela nazioarteko zuzenbide humanitarioa; batez ere proportzionaltasun printzipioak, eta zibilak eta gerran parte hartu dutenak desberdindu behar izatea. Hirugarren estatuek, atzerriko borrokalariek eta mertzenarioek ere zerikusia izan dute horretan», azaldu du Marokoko Justizia ministro ohi eta Libiarako Ikerketa Misioaren buruzagi Mohamed Auajjarrek.

Zehazki, haren arabera, zibilek «prezio altua ordaindu» dute urteotan izandako erasoaldietan, eta horren adibidetzat jarri ditu 2019. eta 2020. urteen artean Tripoli hiriburuaren kontra Khalifa Haftar ekialdeko buruzagi militarrak egindako erasoaldia, azkenean arrakastarik izan ez zuena.

«Aire erasoek dozenaka familia hil dituzte. Osasun instalazioen suntsitzeak kalte egin dio osasun arretari, eta pertsonen kontrako minek milaka lagun hil edota elbarritu dituzte», gehitu du Auajjarrek azken bost urteotan gertaturikoaz aritzean.

Ikerketaz arduratu den taldea NBEk sortu zuen, iragan udan, eta Afrika iparraldeko herrialdean gertaturiko ustezko urraketak argitzeko agindu zion. Aipaturiko krimenez gain, misio horrek haur soldaduen presentziaren, desagerpenen eta «kolektibo zaurgarrien» kontrako jazarpenaren berri ere eman du.

Hamar urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio izan da Libiako gerra. Urte luzeko gatazka militarraren ostean, iragan azaroan eginiko bake elkarrizketetan akordioa lortu zuten elkarren aurka aritu diren bi aldeek, Tripolin egoitza duen Batasun Nazionaleko Gobernuak eta Tobrukeko parlamentuak. Horren bidez, datorren abenduaren 24an presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak egitea adostu zuten.

Itun horretan ere jaso zuten herrialdearentzako gobernu bat finkatzea, eta horren harira izendatu zuten Abdul Hamid Mohammed Dbeibeh Libiako lehen ministro. Hala, iragan martxoan, izendapenari buruzko ustelkeria zantzuak eta hainbat kritika egon ziren arren, diputatuen gehiengoak babesa adierazi zion Libiako trantsizio gobernuari.

Giza eskubideen urraketei buruzko txostenaren egileek aitortu dute Libia «egonkorragoa» dela egun, batez ere su-etenari eta batasun gobernua osatu izanari esker, baina, halere, ohartarazi dute eskubide horien egoerak «kezkagarriak» direla oraindik ere.

Mertzenarioak

Txostenaren aurkezpenaren egun berean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Sameh Hasan Xukri Egiptokoarekin elkartu da atzerriko mertzenarioez eta talde militarrez aritzeko. Horiek Libiatik «era koordinatuan» irtetearen alde agertu dira biak ala biak: «Mertzenarioak pixkanaka atera behar dira Libiatik», adierazi du Lavrovek

Hilabeteak dira NBEk horien kanporatzea eskatzen duela, hori egitea «garrantzitsua» delakoan urteotako gerra amaitu dadin. Lavrov horren alde agertu da, zehaztuta «hainbat fasetan» egitea ezinbestekoa dela «botere oreka aldatzeko arriskua» eragozte aldera: «Oreka horri esker irauten du negoziatu genuen su-etenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.