Mexiko

Urtea hasi zenetik, 800 tortura kasu zenbatu dituzte Mexikon

Causa en Comun erakundeak «muturreko indarkeriaren» 6.314 biktima baieztatu ditu, eta krimenei aurre egiteko aldaketak exijitu.

Hilketa bat argitzeko operazioa, Mexikoko Estatuan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 5a
13:08
Entzun

Irailean, «muturreko indarkeria» gisa sailkatutako 438 ekintza erregistratu ditu Mexikoko Causa en Comun gobernuz kanpoko erakundeak. Besteak beste, gutxienez 109 lagun torturatu dituzte; 800 urtea hasi zenetik. Datuek «min eta krudeltasun mosaiko bat» uzten dute agerian, erakundearen hitzetan.

Mexikoko hedabideek argitaratutako «ankerkerien» zenbaketa egiten du erakundeak, krimenik larrienak aztertuz; hau da, «heriotza edo muturreko tratu txarrak gauzatzeko asmoz nahita erabilitako indarkeria fisikoa; helburu duena pertsona kopuru handi baten, pertsona zaurgarrien edo interes politikoko pertsonen heriotza, edo terrorea eragitea». Hala, adierazi dute urtea hasi zenetik biktima gehien zenbatu dituzten hilabetea izan dela iraila; 1.490 denera. Gorakada horren atzean migratzaileen aurkako erasoak daudela nabarmendu dute. Esaterako, irailaren 7an, Aguascalientes estatuan bahituta zeuden 341 migratzaile erreskatatu zituen Poliziak.

Halere, bahiketetatik haratago, ugari dira urtea hasi zenetik atzemandako «ankerkeria» motak; torturak (gutxienez 800 kasu), «mutilazio, zatikatze eta gorpuen suntsiketak» (640 kasu), hilobi klandestinoen aurkikuntzak (502), sarraskiak —hiru lagun edo gehiagoren hilketak— (418) eta «muturreko krudelkeriaz eginiko emakumeen hilketak» (341) dira ohikoenak. Horiez gain, 290 haur eta neraberen hilketak baieztatu dituzte; baita giza eskubideen aldeko hamasei ekintzailerenak eta zazpi kazetarirenak ere, besteak beste. Denera, muturreko indarkeriaren 6.314 biktima. Kontuan izan behar da epe berean 22.611 homizidio zenbatu direla herrialdean, Mexikoko Gobernuak emandako datuen arabera.

Herrialde osoan baieztatu dira halako krimenak. Halere, Guanajuato, Jalisco, Michoacan, Chihuahua eta Veracruz estatuetan zenbatu dituzte gehien. Besteak beste, Guajanaton 39 adingabe hil dituzte, eta Mexikoko Estatuan, 23 emakume, «muturreko indarkeria» erabilita. Azken datu horren bidetik doa Itxaro Arteta kazetariak udan argitaratutako informazioa ere: «Aurten, Mexikoko Estatuan, emakume bat desagertu da hamabi ordutik behin; egunean bi».

Gauzak hala, Causa en Comun erakundeak ezinbestekotzat jo du gobernuei aldaketak exijitzea; batez ere «indar polizialak eta fiskaltzak berritzeko» eta «komunitateari kalte egin dioten kasuak ebazteko» lan egin dezaten. Horretarako, tokian tokiko errealitateak ulertzeko mekanismo berrien sorrera eskatu dute, helburu lukeena «segurtasun eta prebentzio politikak eraikitzea». Izan ere, erakundeak nabarmendu du krimen horietako asko ez direla erakunde kriminalek eginak: «Indarkeria kriminala da, baina baita familia indarkeria, komunitarioa eta soziala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.