Lan gatazka

Auzitegi Gorenak ere indargabe utzi ditu Zener Plusen 65 kaleratzeak

Ez du onartu Erandiko telekomunikazio enpresak jarritako helegitea. Iaz eginiko kaleratzeak dira, konfinamenduaren lehen bi asteetan.

Zenerreko langileen protesta ekintza bat. CCOO
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 5a
18:52
Entzun

Pandemia garaian eginiko kaleratze kolektiboen inguruko ebazpenak irteten hasiak dira Auzitegi Gorenean. Zener Plus Erandioko (Bizkaia) telekomunikazio enpresak iazko udaberriko itxialdian eginiko kontratu eteteak indargabe utzi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak berdina ebatzi zuen iazko azaroan, CCOO sindikatuak hasitako auzibideari arrazoia emanez. Enpresak helegitea jarri zion ebazpen horri, eta Gorenak ez du onartu. Gauzak hala, enpresak kaleratu asmo zituen 65 langileek haien eskubideak aldarrikatu ahal izango dituzte.

Tubacex eta PCBko lan erregulazioen kasuek jarri zuten lupa Auzitegi Gorenaren gainean. Hala ere, haiena ez zen izan EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu zuen pandemia garaiko lehen kaleratze kolektiboa. Aurretik, besteak beste, Zener Plusek lantaldean eginiko murrizketa epaitu zen, eta ia 11 hilabete geroago iritsi da Auzitegi Gorenaren berrespena. Zener Plusek banakako 65 kaleratze egin zituen itxialdiaren lehen bi asteetan, eta, epaileen, ustez erabaki hori «neurriz kanpokoa»  eta «bitxia» da. Are gehiago, ebazpenaren arabera, kaleratze horien arrazoia frogatzen ere ez zen saiatu enpresa.

Zener Plus 180 langileko enpresa bat da, eta Masmovil edo Vodafone bezalako komunikazio enpresei ematen die zerbitzua. Haien sareen instalazioa eta mantenua egiten du. Iaz, martxoaren 16aren eta apirilaren 3aren artean  65 langile kaleratu zituen, eta banaka banaka eman zuen haien berri. Gogoratzekoa da Espainiako Gobernuak ezarritako itxialdia martxoaren 15ean hasi zela, eta ekainaren 21era arte luzatu zela. Bada, itxialdiko lehen bi asteetan, kontratu mugagabedun 34 langile kaleratu zituen diziplina arrazoiengatik, froga garaian zeuden 25 langileren kontratua ez zuen berritu, eta behin behinean zeuden sei langileren kontratua behar baino goizago eten zuen.

Iturri sindikalen ustez, ezkutuko enplegu erregulazio bat egin zuen, eta data haietan ezin zen halakorik egin. Are gehiago, iazko apirilaren 2an Zenerrek aldi baterako erregulazio bat jarri zuen indarrean eta kaleratzeak egiten jarraitu zuen. CCOOk apirilean izan zuen banakako kaleratze andanaren berri, eta salaketa jarri zuen kaleratze kolektibo gisa tratatu behar zelakoan. Hasiera batean akordio batera iritsi zen enpresarekin, hala nahi zuten kaleratuak itzul zitezela adostuz, baina hori betetzen ez zela ikusita, CCOOk auzibidearekin jarraitu zuen.
 

Eta orain zer?
65 kaleratuek, orain, haien eskubideak aldarrikatu ditzakete. 30 inguru azaroan itzuli ziren lanera, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ondoren, eta ondo bidean haien lanpostua ziurtatuta izan beharko lukete. Besteek ez zuten itzuli nahi izan, arrazoi ezberdinengatik. Iturri sindikalen arabera, guztiek tramitazio garaiko soldatak eta langabezi ordainsariak erreklamatu ahal izango lituzkete, bai behintzat azarora artekoak. Espainiako Gobernuak ere berdina egin dezake, SEPEk ordaindu baitzuen kaleratuen langabezia saria.            

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.