Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizen

Osakidetzak uko egin zion gizonak zuen gaitzaren ebakuntza egiteari, bizitoki «egokirik» ez izateagatik.

Gaur arratsaldean Gasteizen egin duten elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko urriaren 5a
21:26
Entzun

Joan den irailean 8an bihotzekoak jota hil zen Koldo Arribillaga gasteiztarra. Haren heriotza salatzeko, Osakidetzako ordezkaritza sindikalak, Osasun Publikoa Aurrera Plataformak eta Inor Ez Kale Gorrian egitasmoak, Txiroen aurkako gerra gelditu! lelopean elkarretaratzea egin dute gaur, 19:00etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Hil baino hamahiru hilabete lehenago, Osakidetzak uko egin zion gizonak diagnostikatua zuen gaitzaren ebakuntza egiteari. Arribillagak ebakuntza ostekoa egiteko bizitoki «egokirik» ez zuela argudiatu zuten. Izan ere, 2019ko uztailean, bere amarekin bizi zen Arabako hiriburuko Aiztogile kaleko etxebizitzatik bota zuten, hipoteka ez ordaintzeagatik. Haren ama adinekoen egoitza batera eraman zuten, eta Arribillaga bere familiako lonja batera joan zen bizitzera.

Kontzentrazioaren deitzaileek salatu dute Osakidetzaz gain, Arribillagaren heriotzaren «arduradunak» Gasteizko Udala, Etxebide eta Lanbide izan zirela, ez baitzioten inongo alternatibarik eskaini. Maiatzaren 19an haren egoeraren berri eman zutenean bezala, gaur ere gogor kritikatu dituzte erakunde publikoen «babesgabetasuna eta aporofobia». Horrez gain, aipatu dute gizartean «gizatasun falta eta klasismoa» dagoela, eta pertsona txiroei baliabide «eskasak» eskaintzen zaizkiela. «Askotan salatu izan ditugu gure hirian etxebizitzarekin erlazionatuta zeuden egoera lazgarriak, baina agian, honako hau samingarriena izan da», gehitu dute.

Izan ere, Arribillagak sufritzen zuen gaitzaz aparte, isun ekonomikoak zituen. 2020ko urtarrilean, bizi zen lokalean argiak piztuta zeudela ikusi zuten Gasteizko udaltzaingoek. Gizona identifikatu eta lokal guztia miatu zuten. Handik aste batzuetara, Arribillagak Gasteizko Udaleko Eraikuntza Zerbitzuaren gutun bat jaso zuen. Gutun horretan, lokalaren bizitegi erabilera behin betiko bertan behera uzteko agintzen zitzaion, edo hilero 600 euroko isun hertsatzaileak ezartzen zitzaizkion. Are, Lanbidek 9.000 euroko legez kanpoko zorra eskatzen zion. Deitzaileek salatu dutenez, ez zioten bere egoera errotik aldatuko zuen «alternatibarik» eskaini, eta erakundeek «hiltzen» utzi zuten.

Erakunde publikoei deia

Prentsaurrekoan argi utzi nahi izan dute Arribillagarena ez dela arazo bakan bat, eta nabarmendu zuten haren egoeran bizi diren «beste milaka pertsona» daudela euskal gizartean: «Instituzioen gizatasun faltagatik egunerokotasunean haien bizitza arriskuan jartzen dutenak, dirudienez axola ez direnak».

Antolatzaileek ere euskal erakunde publikoei eskatu diete osasun arretarako eta etxebizitza duina izateko eskubidea «pertsona guztientzat» bermatzeko. Era berean, salatu dute gizarte bazterkeria «behingoz» amaitzeko, eta borondate politikoa eskatu dute horretarako.

Azkenik, mobilizazio gehiagorekin jarraitzeko deia zabaldu dute: «Herritarrei eta hiri honetako taldeei mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diegu, horrelakorik berriz gertatu ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.