Gaur irekiko dute Bilboko Kafe Antzokia

Iazko martxotik dago itxita gunea. Irekiera ekitaldia egingo dute, ‘Dantza dezagun berriro’ lelopean.

Bilboko Kafe Antzokiaren kanpoaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ane Eslava.
2021eko urriaren 6a
11:12
Entzun

Bilboko Kafe Antzokiak iazko martxoaren 12an itxi zituen ateak, eta, osasun larrialdiaren eraginez, orain arte ezin izan ditu berriz ireki. Bestelako ostalaritza guneek bezala, krisiaren eraginak jasan ditu, eta, gunearen ezaugarriak direla eta, ez dute lortu lehenago zabaltzea. «Gure ikuspegitik eta ditugun berezitasunak kontuan hartuz —langile kopurua eta hainbat konpromiso—, ez dira betetzen zabaltzeko gutxieneko baldintzak», adierazi zion Mikel Urbeltz Kafe Antzokiaren arduradunak iazko abenduan Bizkaiko Hitza-ri.

Ikusi gehiago: Mikel Urbeltz: «Sareak egiteko leku bat da hau; garrantzitsua da itzultzea»

Baina Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia indargabetu du, eta bertan behera utzi ditu ordutegiei eta edukierei lotutako neurriak. Ondorioz, 19 hilabeteren ondoren, heldu da Kafe Antzokia berriz zabaltzeko eguna: gaur irekiera ekitaldia egingo dute, Dantza dezagun berriro lelopean. 22:30etik 04:30etara egongo da zabalik antzokia, eta Dj Bullek girotuko du gaua.

Sarrera doakoa da, baina erreserba egin beharra zegoen, eta iragarpena egin eta ordubete ingurura bukatu dira tokiak. Ostiralean eta larunbatean, berriz, 22:30etik 06:00etara irekiko dute antzokia, eta sarrerak kafeantzokia.eus webgunean eskuratu daitezke.

25. urteurrena

1995eko abenduaren 15ean abiatu zuten Kafe Antzokiaren proiektua, Bizkaiko hiriburuko euskaldunentzako «arnasgune» bilakatzeko helburuarekin. Egunak eta gauak kulturaz eta aisialdiaz bete nahi zituzten, eta hiru zutaberekin osatu zuten proiektua: ostalaritza zerbitzua, askotariko kultur egitasmoak —kontzertuak, antzerkia, dantza, hitzaldiak, aurkezpenak…— eta gaueko aisialdia. Urbeltzen arabera, urtean 300 ekitaldi inguru egiten dituzte, eta, guztira, urteotan 7.200 inguru egin dituzte.

Gerora, kulturgintza eta euskara uztartzen dituen eredu hori zabalduz joan da, eta antzeko ezaugarriak dituzten hainbat espazio sortu dituzte Euskal Herrian. Horietako bat pandemiaren eraginez itxi behar izan zuten: Durangoko Plateruena kafe antzokia. Urbeltzek Bizkaiko Hitza-ri esan zion moduan, kolpeak «egoera ahulean» utzi ditu halako proiektuak.

Alde horretatik, instituzioen babesaren premia nabarmendu zuen: «Kafe Antzokia herri ekimenetik sortu zen; juridikoki, pribatua da, baina helburuetan, zentzu publikoz beteta dago. Gaur egun, sarreren %2,4 jasotzen ditugu diru laguntzetatik. Kulturan eta euskalgintzan egiten dugun lana kontuan hartuta, ez luke horrela izan behar».

Pandemia betean, iazko abenduan, Kafe Antzokiak 25 urte bete zituen. Ezin izan zuten nahiko luketen moduan ospatu, eta 25+1 urteurrena ospatzeko asmoa adierazi zuten, baita beste 25 urte irauteko desioa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.