Durangoko Azoka

Durangoko Azoka murrizketarik gabe egiteko aukerarekin aurkeztu dute aurtengo kartela

Oraintxe azokak ehuneko ehunean irekitzeko aukera izango lukeela aipatuz aurkeztu dute 56. aldia Gerediaga elkarteko kideek. Baina aurreratu dute abenduaren 3tik 8ra indarrean izango diren neurriak beteko dituztela. Leire Urbeltzek egin du aurtengo kartela.

Durangoko Azokaren kartelaren aurkezpena gaur, Landako gunean. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko urriaren 6a
13:09
Entzun

Sarbide mugarik eta bisitarientzako txandarik gabeko Durangoko Azoka bati atea irekiz aurkeztu dute gaur Landako gunean 56. aldiaren kartela. Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen atzo osasun larrialdiari aurre egiteko hartutako muga gehienak, eta horrek ehuneko ehunean hasteko aukera emango lioke azokari, baldin eta bihar hasiko balitz. Abenduaren 4tik 8ra irekiko ditu ateak, ordea, eta, bi hilabeteren faltan, zuhur jokatu nahi izan du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Orduan ikusiko dugu zer neurri dauden bizirik egun horretarako. Erantzun zehatza ezin dugu bota». Edonola ere, berezia izango da aurtengo azoka, haren historian lehen aldiz eredu hibridoa izango baitu: erdiz digitala eta erdiz presentziala.

Guztira, 152 partaidek eman dute izena azoka presentzialerako, eta 220 erakusmahai izango dira Landako gunean. Eskerrak eman dizkie guztiei Mujikak, «azokan sinisteagatik». «Datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderaz beteta daude, eta, hala ere azokan egoteko ahalegina egin dute». Saltzaileekin eta kulturazaleekin batera, azokaren parte diren guneak ere itzuliko direla jakinarazi du Gerediaga elkarteko lehendakariak. Eta, zehaztu duenez, gainera, etzi zabalduko zaie sortzaileei beren lanak gune horietan aurkeztu ahal izateko eskaria egiteko epea. Hala Ahotsenean nola aurkezpenak egiteko aukera eskaintzen duten gainontzeko guneetan ere.

Denda digitalari eutsiz

Salbuespenezko aldia izan zuen iaz azokak. Osasun larrialdiari aurre egiteko ezarritako neurriek ez zieten antolatzaileei aukerarik utzi eraskusmahaiak jarri eta jendeari harrera egiteko, eta azokak iraun bitartean denda digitala antolatu zuten horregatik. Landako gunea biltoki bilakatu, eta jendeak Internet bidez egin zituen erosketak, etxetik. Aurten ere denda digitalari eustea erabaki dute antolatzaileek, baina saltzaileen erakusmahaiek egingo dituzte biltoki lanak. «Iazko irudiak eta aurtengoak ez dute zerikusirik izango», esan du Mujikak. Hainbat kultur emanaldi streaming bidez zabalduko dituztela ere zehaztu du.

Abenduaren 3tik 8ra izango da zabalik online denda, eta 4tik 8ra fisikoa.

Kili-kili eguneratua

Leire Urbeltz ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo azokaren kartela, eta azokak izango duen hibridotasun hori txertatu du irudian, Kili eta Queer izeneko pertsonaiak sortuz. Artistak azkenaldian ohikoa duen kolore bizi eta irudi fantastikoekin osatu du irudia, eta, aitortu duenez, garai bateko Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia izan du gogoan pertsonaia haren bi bertsio eguneratu sortzeko. Rikardo Arregiren testu bat izan du oinarri kartela sortzeko, eta baita lehen azoketako kartelak ere. Desipuindegia deitu du lana. «Ohore handi bat izan da».

Guneetako ordezkariekin batera eta azoka sostengatzen duten hainbat erakunde eta eragilerekin batera egin dute kartelaren aurkezpena. Han izan dira Bizkaiko Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Arabako Aldundiko, Nafarroako Gobernuko, Durangoko Udaleko eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak.

Kultur kudeatzaileei aitortza

«Ilusioa» aipatu du Inma Garrastatxu Durangoko alkateak, eta «poza» Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. Azokaren erreferentzialtasuna ere izan dute gogoan biek, eta hura babestu beharra nabarmendu dute. Aurkezpen ekitaldian, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gogoan hartu ditu Labik hartutako erabakiak, eta bera izan da azokak ehuneko ehunean irekitzeko aukera izango duela gogorarazi duena ere. «Kulturak ere sufritu du koronabirusaren eragina, eta errekonozitu nahi ditut kultur kudeatzaileak. Eredu izan dira». Txalotu egin du Gerediagak hautatutako eredu mistoa, eta Eusko Jaurlaritzak «beti» laguntza berezia eskainiko diela baieztatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.