Oroimen historikoa

Ezkabako iheslari baten gorpuzkiak identifikatu dituzte DNA bankuari esker

Francisco Lezea mendabiarraren hezurrak Olabeko hobian topatu zituzten. Dagoeneko bederatzi iheslari identifikatu dituzte Nafarroan, eta beste 40ren senideen laginak hartuak dituzte.

Olaibarreko hobian lanean, artxiboko irudi batean. Lezearekin batera, beste 15 preso lurperatu zituzten han. NAFARROAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 6a
18:00
Entzun

Ezkabako gotorlekutik (Iruñea) 1938an ihes egin zuen beste preso baten gorpuzkiak identifikatzea lortu dute, DNA Bankuari esker. Francisco Lezea zuen izena, eta Mendabiakoa zen (Nafarroa). Trenbideetako langilea zen, eta Logroñon (Espania) egiten zuen lan. Mendabiako falangista talde bat haren bila joan zen, eta Ezkabako kartzelan sartu zuten 1937. urtean. «Indar publikoak» hil zuen, heriotza agirian idatzi zutenez.

Lezearekin batera, beste 15 preso hil zituzten, eta Olaibarko hobia izan zen lehena induskatzen, 2016an, Nafarroako Gobernuak martxan jarritako planaren barruan. Hobian topaturiko beste presoak identifikatu gabe daude oraindik.

Memoriaren Nafarroako Institutuak kudeatzen du DNA Bankua. Dagoeneko 285 dosier zabaldu ditu, eta Ezkabako ihesaldian parte hartu zutenetako bederatzi identifikatu dituzte. Beste presoen 40 bat senideren laginak hartuta dauzkate, identifikatzeko lanetan jarraitzeko.

Ihesaldiarekin loturiko 11 hobi induskatu dituzte dagoeneko, eta Olaibarrekoa da gorpu gehien dituena. 2019. urtean Nafarroako Memoria Historikoaren Gune izendatu zuten, eta hainbat ekitaldi egin dituzte han.

Lezeak emaztea eta bi haur zituen hil zutenean. Horiek herritik joan behar izan zuten, frankisten presioarengatik. Horrez gain, haren bi anaia hil zituzten frankistek. Zaharrena, Manuel, 1936ko uztailean bertan hil zuten, UGTko kidea izateagatik. Lorenzo anaia CNTko kidea zen, eta urte horretako irailean hil zuten.

1938ko maiatzaren 22an, 795 presok egin zuten ihes espetxe frankista bihurtutako gotorlekutik (Nafarroa). Horietatik 207 tiroz hil zituzten toki berean. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea.

Azken urteotan horien oroimena lur azpitik ateratzen ari dira. Joan zen irailaren 25ean, esaterako, Emiliano Miguel Portugal iheslariaren gorpuzkiak sendiari eman zizkion Nafarroako Gobernuak.

Iazko uztailean, Leoncio de la Fuenteren gorpuzkiak identifikatu zituzten. Larrasoañan exekutatu zuten, beste hiru pertsonarekin batera. 2018an atera zituzten lur azpitik, 89 urteko Paulina Lizoainen testigantzari esker, eta De la Fuenteren alabak Nafarroako DNA bankuan utzitako lagin bati esker. Nafarroako Memoriaren Institutuak dei egin die fusilatuen senitartekoei beren laginak utz ditzaten, halako identifikazio gehiago egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.