Taiwan

Txinaren azken maniobra militarrak gaitzetsi ditu Taiwango Gobernuak

Taipeik esan du Txinako armadako hegazkinek bere aire espazio militarra urratu dutela, eta «inbasio bati» aurre egiteko prestatzen ari dela. Eskualdea «ezegonkortzea» leporatu dio Washingtonek Pekini.

Txinako armadaren hegazkin militar bat. TAIWANGO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 6a
18:13
Entzun

Azken lau hamarkadetako «unerik txarrenean» daude Pekinen eta Taipeiren arteko harremanak, Taiwango Atzerri ministro Chiu Kuo-chengek adierazi duenez. Azken asteetan Txinako armadaren hegazkinek eginiko maniobrak dira arrazoia, Chiuren arabera. AEBek «probokatzailetzat» jo dituzte. Pekinek, berriz, «independentistak babesteari» utzi eta eskualdeko bakearen alde lan egiteko eskatu dio Washingtoni.

Ostiraletik asteartera bitarte, Txinaren 150 hegazkin inguru sartu ziren Taiwango ADIZ aire defentsarako identifikazio eremuan, Taipeiko gobernuaren arabera; irlaren aire espazioa baino zabalagoa da hura, eta Txina kontinentaleko eremuak ere hartzen ditu. Halako maniobrak ez dira berriak, baina horiek areagotu izana «abisu bat» da, Global Times egunkariak argitaratu duenez, «taiwandar sezesionistentzat eta haiek babesten dituzten atzerriko indarrentzat». «Beharrezko neurriak dira», findu du Txinako Gobernuak. Besteak beste, Taipeik hartutako azken erabakiei erantzuten dietenak; hala nola CPTPPmerkataritza askeko akordioan sartzeko eskaera egin du, Pekinen nahien aurka.

Taipeik kezka adierazi du maniobren aurrean, eta nazioarteari laguntza eskaera bat egin dio. Izan ere, Taiwango Atzerri ministroaren arabera, egun, Pekinentzat kostu «oso handia» izango luke uhartearen aurkako zuzeneko eraso batek, baina egoera epe laburrera aldatu daiteke. Azaldu du Txinako armadak «eskala handiko inbasio bat» egiteko ahalmena izan dezakeela 2025erako, eta horri aurre egiteko neurriak hartzen hasi direla. Arreta itsasoan jarri dute, eta, Chiuren esanetan, Defentsarako aurrekontuaren %64 itsasontzien aurkako sistemak eta Hsiung Feng III misil supersonikoak garatzera bideratuko dute, Txinaren eraso itsasontzien oldarraldi posible bati aurre egiteko.

Bide beretik, Tsai Ing-wen presidenteak adierazi du irlan «demokrazia mehatxatu» dezakeen edozein mugimendu eteteko «beharrezko guztia» egingo duela gobernuak: «Taiwan defendatzerakoan porrot egitea katastrofikoa litzateke, ez soilik taiwandarrentzat. Bertan behera utziko lituzke azken zazpi hamarkadetan bakea erraztu duen segurtasunaren arkitektura eta eskualdeak izaniko ikaragarrizko garapen ekonomikoa».

Gatazka ez da berria. Oinarrietara iristeko, iraultza komunistaren garaira egin behar da atzera. Mao Zedongek gidatutako indarrek Txinaren kontrola hartzearekin, nazionalistek Taiwanera egin zuten ihes, 1949an. Han, Txinako Errepublika aldarrikatu zuten, kontinenteko Txinako Herri Errepublikaren aurrean. Ordutik, Taiwango independentistek herrialde subiranotzat jotzen dute irla. Pekinen arabera, ordea, «probintzia errebelde bat» da, eta ez du baztertu hura «indarra erabilita» hartzeko aukera.

Pekinen agintea onartzen du nazioarteak, ofizialki behintzat, eta hamabost estatu besterik ez dira Txinako Errepublikaren ofizialtasuna ontzat jotzen dutenak; besteak beste, Vatikanoa, Haiti eta Paraguai. Halere, ugari dira harekin harreman komertzial garrantzitsuak dituztenak, horien artean, AEBak. Beraz, Txinaren eta Taiwanen arteko tentsioak bi potentzien arteko harremanetan ere izan ditu eraginak.

Etxe Zuriak eskualdeko egoera «ezegonkortzeaz» akusatu du Pekin, eta hark erantzun du estatubatuarrak direla «bakearen eta egonkortasunaren» aldeko neurriak hartzen ez dituztenak:
«AEBek gaizki egin zuten Taiwani armak salduta, eta irlarekin harreman ofizialak eta militarrak indartuta». Izan ere, Washington da Taipeiren arma hornitzaile nagusia, eta hura AEBek eskualdean duten aliatu militarrik indartsuenetako bat —besteak beste, estatubatuarrek entrenatzen dituzte Taiwango soldaduak—. Donald Trumpen agintaldian, gainera, are gehiago estutu zituzten harremanak, eta hainbat hamarkadatan Taiwango presidente batekin hitz egin zuen AEBetako lehen estatuburua izan zen.

Txinako presidente Xi Jinpingek eta AEBetako haren homologo Joe Bidenek gaiaz hitz egin zuten irailean, telefonoz. «Garbi utzi dut uste dudala [Txinak] ez duela akordioa bete besterik egin behar», azaldu zuen Bidenek. Hitz horiekin 1979an eginiko akordioei egin die erreferentzia. Urte hartan, Washingtonek Pekinekin harreman diplomatikoak hasi zituen, eta Taiwanekin zituenak hautsi. Halere, Taiwanekiko Harremanen Legea onartu zuen bestelako harremanak sustatzeko. Hark ahalbidetu dio irlarekin tratu komertzialak egitea, baita armamentu salmenta ere, ofizialki Taiwanek «bere burua babestera» bideratua. Erabaki horien ondorioz, Pekinek Txinaren «barne gaietan esku hartzeaz» akusatu izan ditu AEBak, eta hainbat zigor ezarri dizkie uharteko gobernuari armak saldu dizkioten enpresei.

Merkantzia garraioa

Taiwangoa ez da bi potentziak aurrez aurre jarri dituen eskualde hartako afera bakarra. Hego Txinako itsasoaren kontrola bereganatzeko lehia betean daude Pekin eta Washington. Pekinek propiotzat jotzen du ur haien zatirik handiena, eta, azken urteetan, hainbat irla artifizial egin ditu eremuan. AEBek, berriz, hainbat akordio komertzial eta militar egin ditu, Txinak eskualdean duen indarra mugatzeko asmoz: azkena, Erresuma Batuarekin eta Australiarekin sinatutako AUKUS akordioa. Horrez gain, inguruko gainerako estatuek ere euren aldarrikapen propioak egin dituzte; hainbat kasutan, hiru edo lau estatuk aldarrikatzen dute irla beraren jabetza.

Brunei, Kanbodia, Txina, Indonesia, Malaysia, Filipinak, Singapur, Taiwan, Thailandia eta Vietnam artean kokatutako eremua aproposa da petrolio eta gas ustiaketarako, eta han aritzen dira munduko arrantzontzien erdiak. Halere, haren garrantzi ekonomikoaren eta geoestrategikoaren oinarria merkantziaontzien garraioa da. Handik igarotzen dira itsaso bidez garraiatzen diren merkantzien herenak; urteko 4,5 trilioi euroren balioa du horrek, UNCTAD Merkataritza eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.