Pakistan

Gutxienez 20 lagun hil dira Pakistanen lurrikara baten ondorioz

Richter eskalako 5,9 graduko seismoa izan da, eta Balutxistan eskualdean eragin ditu kalterik handienak.

Quettako ospitalera eraman dituzte larri zauritutakoak. JAMAL TARAQAI / EFE
2021eko urriaren 7a
11:55
Entzun

Pakistan hego-mendebaldean antzemandako lurrikararen ondorioz, gutxienez hogei lagun hil dira, eta beste 300 zauritu. Halere, kopuruek gora egingo dutela uste du Balutxistango Barne kontseilari Mir Ziaullah Langauk. Eskualde hartan izan du epizentroa seismoak, Harnai hiriburutik gertu, bederatzi kilometroko sakoneran. AEBetako Geologia Zentroak jakinarazi duenez, Richter eskalako 5,9 graduko mugimendua izan da 3:30 aldera erregistratutakoa.

Lurrikarak Harnai hiria jo du indartsuen. Han zenbatu dituzte hildako gehien, eta 70 etxebizitzari egin die kalte dira. Hala, «larrialdi egoera» ezarri dute barruti osoan. Larri zaurituak, berriz, helikopteroz ari dira eramaten Quettako ospitalera, hondamendien kudeaketarako Balutxistango kontrol salako ofizial Noor Khanen esanetan. Quetta bera da kalteak jasan dituzten beste hirietako bat, baita Sibi, Pixin, Qila, Saifullah, Txaman, Ziarat eta Zhob ere.

Autoritateek ez dute ezbeharrak eragindako kalte zehatzen berri eman, baina lurrikara gauez gertatu izanak arazo gehigarriak eragin dituela azaldu dute, jendea lo baitzegoen. Hala, eroritako eraikinen azpian harrapatuta egon daitezkeen biztanleak erreskatatzeko lanei ekin diete salbamendu zerbitzuek. «larrialdi egoera» ezarri dute Harnai barrutian.

Asia hegoaldean ohikoak dira lurrikarak, Indiako eta Eurasiako plaka tektonikoen arteko talkak eragiten dituen mugimenduak direla medio. Azken hamarkadan, 2013an gertatutako lurrikara, 7,7 gradukoa, izan da Balutxistanen kalte gehien eragin dituena: 359 hildako eta 750 zauritu. Duela bi urte, berriz, 5,6 graduko seismo batek 37 heriotza eragin zituen Katxemira eskualdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.