Autogobernua

Konstituzionalaren epaiak «apenas» eragingo dion Foru Berriari, Txibiteren arabera

Nafarroako Gobernuko lehendakariari zapore «gazi-gozoa» utzi dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Foru Berriari buruz emandako ebazpenak. EH Bilduk ihardetsi du epaia «larria» dela

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, irailaren 17an, artxiboko irudian. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2021eko urriaren 7a
14:08
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irailaren 23an kaleratutako azken ebazpenak Foru Berriaren eduki gehiena babestu du. Zehazki, estatuak bere helegitean auzitan jarritako zortzi legetatik bost berretsi zituen, baina gainerako hiruretan arrazoi eman zion. Foru Berrian zuzenbide zibileko 600 lege inguru jasotzen direla kontuan harturik, Txibitek nabarmendu du «apenas» izango duela eraginik.

Iragan legealdi osoan, Nafarroako Parlamentuak zuzenbide zibileko arau eta lege bilduma XXI. mendeko errealitatera eguneratu zuen, kasu gehienetan hizkuntza ikuspegia zaharkituta zegoelako —arau horietako asko frankismotik zeuden indarrean—. Zuzenbide zibileko atal guztiak ukitzen ditu: norbanakoak, jabegoa, familia ereduak, kontratuak, ezkontzak, ondorengontza... Foru Berria 2019ko martxoan onartu zen aho batez eta txalo artean. Gizartearen eguneroko gaiak arautzeko autogobernu ariketa bat zela nabarmendu zuten taldeek.

Haatik, estatuak hemezortzi legeren gaineko helegitea jarri zuen Konstituzionalean. Bi urteotan, Nafarroako Gobernuak akordioa lortu zuen Madrilekin, eta Espainiakoak atzera bota zuen hamar legeren gaineko helegitea, baina gainerakoari eutsi egin zion. Hala, irailaren 23an etorri zen ebazpena, eta Konstituzionalak ez zituen onartu bilduma horretako hiru kontu.

Konstituzionalaren argudioak
Batetik, Foru Berriak proposatzen zuen zuzenbide zibileko arauen arteko gatazka sortuz gero estatu mailako legeekiko parekoa zela, eta Nafarroako edukiari erreparatu behar zaiola. Konstituzionalak ebatzi zuen gatazka juridikoak ebaztea estatuari dagokiola eta hor ezin dutela esku hartu legegile nafarrek.

Bigarrenik, Foru Berriak zehazten zuen etxebizitzaren saltzaileak jabego erregistro batetik bestera egin beharreko aldaketa ez zela izango «eroslearen eskubidearen kalterako». Konstituzionalak argi utzi du erregistroen gaineko ordenamendua estatuaren eskumena dela. Azkenik, kredituen lagatzea edo hipoteka mailegu bati aurre egin ezinik banku bati etxea ordainean emateari buruzko araudia ezartzen zuen Foru Berriak. Konstituzionalak argi utzi du foru araudi hori ezingo dela ezarri merkataritza harremanetan eta, ondorioz, finantza erakundeekiko harreman hori ezin zuela arautu Nafarroak.

Epaia atera zenean, Javier Remirez presidenteordeak baloratu zuen «kontu teknikoen gainean» baino ez zuela ebatzi Konstituzionalak, eta «Foru Berriaren %99,5» berretsi zuela. EH Bilduko Adolfo Araizi, ordea, «larriak» iruditu zaizkio Konstituzionalaren argudioak, eta horri buruzko azalpenak eskatu dizkio Maria Txibiteri.

Remirezen antzera mintzatu da lehendakaria. «Praktikan, ez du eragin handirik izango foru zuzenbide zibila eraginkor aplikatzeko orduan, estatuaren oinarrizko araudia ezarrita emaitza berbera delako», arrazoitu du. Txibitek gaineratu du etxea ordainean emateari eta kreditua lagatzeari buruz arautzeko eskumena aitortua izan dela, «betiere Konstituzionalaren irakurketari doitua»; hots, soilik harreman zibiletarako eta ez merkataritza arloetarako. Azkenik, Txibitek azpimarratu du «okerrago» izan zitekeela, hiru magistratuk emandako boto partikularrak esku hartze handiagoa proposatzen baitzuen.

«Onartezina»

Araizek erantzun dio boto partikularrak aurrera atera ez izanak ez duela gutxiesten epaiak arrazoitutakoa. EH Bilduko parlamentariaren irudiko, epaiak balioa kentzen die 1978 baino lehen Nafarroak ezarritako araudiei eta haren izaera historikoari: «Hori larria iruditzen zaigu».

Berez, konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak Nafarroako eskubide historikoak aitortzen baditu ere, Araizek salatu du praktikan hori ez dela bermatzen. Haren ikuspegitik, Konstituzionalak beste behin argi utzi du eskubide historikoen eguneraketa hori «esparru konstituzionalaren barruan» egin behar dela: «Nafarroa foru erkidego bat da, bai, baina izena besterik ez du. Haren edukia beste erkidegoen parekoa da». Araizek gaineratu du «onartezina» dela Nafarroa beste erkidegoekin parekatzea eta oharkabean uztea bere arau zibilak arautzeko eskumen historikoak dituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.