Polonia

Europako legediaren nagusitasuna zalantzan jarri du Poloniako Auzitegi Konstituzionalak

Epaimahaiak adierazi du Europako Batasuneko legediaren zenbait atal herrialdeko konstituzioaren aurkakoak direla. Bi epailek kontrako iritzia agertu dute.

Poloniako Auzitegi Konstituzionala, artxiboko irudi batean. ADAM JANKIEWICZ
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 7a
18:02
Entzun

EB Europako Batasunaren legedia eta Poloniakoa bateraezinak dira zenbait puntutan, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak gaur ebatzi duenez. Haren arabera, EBren Ituneko atal jakin batzuk eta Europako Justizia Auzitegiaren epai batzuk herrialdeko konstituzioaren aurkakoak dira.

Ebazpenak zalantzan jarri du EBko zuzenbidearen lehentasuna, estatuko legedien gainetik. Konstituzionalaren esanetan, Polonia EBko kide bihurtzeak ez du esan nahi estatuak EBko justiziari legezko aginte gorena aitortzen dionik, ezta haren subiranotasuna EBren esku uzten duenik ere. Epaimahaiko hamalau epaileetatik bik ebazpenaren kontrako iritzia agertu dute.

Erabakiak zuzeneko eragina izan dezake Poloniaren eta EBren arteko harreman kaltetuetan. Bruselak EBren legeen kontra aritzea egotzi dio Varsoviari hainbat arlotan. Sexu askatasunaren, prentsa askatasunaren eta botere judizialaren independentziaren kontrako neurriak salatu ditu. Poloniako Gobernuak, berriz, barne auzietan «esku hartzea» egotzi dio Europako Batzordeari.

Konstituzionalak ebazpenaren berri eman eta gutxira, Poloniako legedia EBkoaren gainetik dagoela ziurtatu du Piotr Muller Poloniako Gobernuko bozeramaileak. «Zuzenbide konstituzionalak beste iturri batzuekiko duen nagusitasuna Poloniako Errepublikaren Konstituziotik eratorria da zuzenean. Auzitegi Konstituzionalak hala berretsi du gaur argiki».

Justiziaren independentzia

Poloniaren 2019ko justizia erreforma dago Konstituzionalak aztertu duen auziaren jatorrian. Bruselak salatu izan du erreforma horrek ez duela independentzia judiziala errespetatzen, besteak beste, onartu zutelako epaileek ezingo dituztela zenbait auzi Europako Justizia Auzitegira bideratu.

Gobernuak epaileak aukeratzeko eta horien inguruan erabakitzeko duen eskumena ere auzitan jarri izan du Bruselak. Erreformak batzorde bat eratu zuen Poloniako Auzitegi Gorenean, epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko. Sortu zutenetik, epaileen kontrako hainbat prozesu diziplinatzaile zabaldu ditu batzordeak. Gainera, 40 epailek baino gehiagok jaso dituzte zigorrak Europako Justizia Auzitegiaren epaiak onartzeagatik eta gobernuaren justizia erreformari kritika egiteagatik.

Europako Batzordeak Poloniako Gobernua salatu zuen Europako Justizia Auzitegian, erreforma horrek epaileen independentzia arriskuan jartzen zuela iritzita, eta Luxenburgoko auzitegiak hainbat puntu indargabetzeko agindu zion Poloniako Gobernuari, kautelazko neurri gisa, epai bat eman artean.

Varsoviak eztabaida iturri ziren puntuak indargabetzeari men egin zion abuztuan, Batzordeak zigor ekonomikoekin mehatxu egin ostean. Ordurako, Auzitegi Konstituzionalari eskatu zion auziaren gaineko iritzia: Poloniako eta EBko legedien artean, zein gailendu behar den. Auzitegiak lau aldiz atzeratu du ebazpena joan den uztailetik, gaur arte.

Epaimahaiak iritzia plazaratu aurretik, goizean, auzitan dauden Poloniako justizia erreformaren atalak indargabetzeko agindua berretsi du Europako Justizia Auzitegiak. Poloniak kautelazko neurriak kentzeko eskatu zion, baina eskaria baztertu du Luxenburgoko auzitegiak. Agindua berrestearekin batera, EBko zuzenbideak estatu kideen legediarekiko lehentasuna duela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.